Josetxo Azkonak asteazkenero Epiktetoren kutxa ekarri ohi digu Euskalerria Irratira. Bertan bildurik idazle eta pentsalari handien esaldi sakon eta mamitsuak. Aste honetan Slavoj Žižek idazle eslobeniarra izan da protagonista. Zirtolaria, zuzena, mediatikoa eta kritikoa da Žižek. Anarkiaren filosofoa deitu izan diote. Haren esaldi birrintzaile batzuk bildu ditu oraingo honetan Josetxo Azkonak.
* Ezkertiartzat hartzen dut neure burua, baina nire egitekoa ezkerrean bizirik dauden ilusio fetixistak zalantzan jartzea da, horregatik erradikal askok gorrotatzen naute.
* Arrakasta eta porrota bereizi ezinak dira.
* Hau da gure arazo nagusia; alegia, errazagoa zaigula munduaren amaiera imajinatzea, kapitalismoaren amaiera imajinatzea baino.
* Amets teknologikorik eldarniozkoenak bultzatzen dituen garaia da gurea. Alabaina, gure garai honek ez ditu zerbitzu publikorik premiazkoenak bermatu nahi.
* Ez naiz inozo bat, ez eta utopiko bat ere. Badakit, jakin, ez dela iraultza handi bat izanen. Halaz eta guztiz ere, gauza onuragarriak egin daitezke, errate baterako, sistema kapitalistaren mugak zer-nolakoak diren nabarmentzea.
* Bilerak eta protestak egitearen aldekoa naiz, baina "politikari guztiez mesfidatzen gara" bezalako adierazpenek ez naute konbentzitzen. Bizimodu duina eskatzen dutenean, kasu, nori zuzentzen diote eskakizun hori?
* Benetako borroka politikoa borroka paralelo bat da, zeinaren bitartez norberaren berezko ahotsa entzun dadila lortuko baita. Halaber, borrokan ibili beharra dago ere ahots hori solaskide legitimo gisa onar dezaten.
* Arazoa da zinez gogobetetzen gaituen horri ez diogula arretarik jartzen. Izan ere, obsesionatuta bizi gara ea guk bertzeek baino gozamen gehiago edo gutxiago sentitzen ote dugun neurtu nahian.
* Honako hau da, mendebaldeko herri garatuetan, tolerantziak erran nahi duena, hots, “ez jazarpena, ez erasoa”. Horrek hauxe adierazi nahi du: "Ez, ez dut nireganako zure gehiegizko hurbiltasuna jasaten; zuk nireganako duzun distantzia egokia gorde dezazula nahi dut nik".
* Ez nago kapitalismoaren aurka era abstraktuan. Sistemarik emankorrena da historian. Borroka amorratuaz mintzo naiz ororentzat diren ondasunen alde, zertaz eta, korporazioak saiatzen ari baitira baliabide naturalak, biogenetika edo ezaguerak esku pribatuetan jartzen.
* Gaurko kapitalismoa apartheid-logikarekin lotuta dago. Horren arabera, gutti batzuek denetarako eskubide dute, eta gehienak baztertuta bizi dira.
* Mendebaldeko budismoak -halaxe deitzen baitiot nik budismo mota horri- ikaratzen nau. Inkesta batek dioenez, exekutibo estatubatuarren ehuneko berrogeita hamar baino gehiagok budistak direla baieztatzen dute. Horrek txundituta nauka zeharo.
*Gaur egungo hedonismo mota hori, zera, plazerra eta argiztapen espiritual pixka bat nahasten dituena, kapitalismo garaikide globalaren erlijio bihurtu da. Eta ez da askatzailea, preseski.
* Guztiz zabala da nik politikari buruz daukadan ideia. Jarrera horrek lotura zuzena du oinarri ideologikoarekin, zer aukeratzen dugunarekin. Alde horretatik, baieztatzen dut gure sineste pribatuak politikoak ere ba direla, bai sexuaz, bai zeinahi gaiz.
* Herriko kultura nabarmen politikoa da, eta, horrexegatik, hain xuxen, herri-kulturaz interesatuta nago.
* Nire eskuan dudan “smartphonea” zenbat eta gehiago pertsonalizatuta izan, hainbat eta errazago eta gardenago da haren funtzionamendua niretzat. Funtzionamendu hori, baina, bertze batzuen lanaren mende dago, zera, bere funtzionamendua erabiltzaileen esperientziak koordinatzen dituen makina-multzo zabal batekin lotuta dago estuki.
* Zenbat eta berezkoago eta gardenago izan gure esperientzia, orduan eta erregulatuago dago bera. Bada halako sare ikusezin bat, organismo publikoek kontrolatzen dutena, eta ez horiek bakarrik, baita ezkutuko interesak dituzten enpresa handiek ere.
* Erantzun errazak gustatzen zaizkigu. Sistemaren egituraz pentsatu ordez, kontu moraletan babesten gara. Antikapitalismoa oso zabalduta dago Hollywoodeko izar handien artean. Guztiak daude umeak zapaltzen dituen enpresaren baten kontra edo ingurumena kutsatzen duen konpainiaren baten kontra.
* Deitu ohi den bizimodu ekologistaren kontra egiten dut zeharo. Birziklatzen duen jendeaz mintzo naiz, panel fotovoltaikoak dituenaz eta janari ekologikoa erosten duenaz.
*Bada txosten bat frogatzen duena guztiok gisa horretako kontsumoari lotuko bagatzaizkio hondamendia eraginen genukeela, artikulu ekologiko horiek ekoiztea bertzeena baino garestiagoa delako.
* Bologna deritzan Plana hondamendia da. Eskuinak humanitateak kendu nahi ditu. Hala, pentsalarien ordez, “aditu” “kualifikatu” bihurtu nahi gaituzte; hala, eliteek planteatzen dituzten mandatuak betetzeko. Unibertsitatea enpresa bat bihurtzea Europarako fundamentalismo islamiarra baino askoz arriskutsuagoa da.
* Gaurko kapitalistak fanatiko erlijiosoak dira. Kapitalistek sutsu defendatzen dituzte bere etekinak, etekinok milioika pertsonentzako miseria dakarten arren.