Aitor Etxarte: Izen zaharrak

Euskalerria Irratia 2014ko ekainaren 9a

Mariak Merced kalea josi du punta batetik besteraino. Urteetan egin duen eran. Mantso, oinak narrastuz, lurrari begira, bakarrik. Beste inor igande goiz honetan. Atentzioa berarengan jarri orduko, iraganak hartu du nire gogoeta.

Mariaren senarra Pajaricos ijitoa etorri zait burura. Berarekin zebilen Katxuli abeslari dramatikoa. Kaleko hiru euskaldunak: Maria gazta egilea, Martin tratularia eta ama Pilar. Hojalata ikazkina Olentzero eta Manolete, pertsona bera bi parentesietan, zena. Behor gainean, trostan, Potoli aparta. Han eta hemengo sotoetan mando, asto eta katuak. Usainen geografia anitza. Reginoren urdaiazpikoena, ikatza-egurraren hezetasuna, lastoa eta gorotzarena, zura moztu berriarena, kupeletako ardo merkearena, ijitoen lurrinak, tabernetako olio frijituarena. Etxe atarien tunel metafisikoetan haurren jostaketa edo sekretu gordinak eta igurtziak sumatzen ziren. Etxe ondokotik agertzen zen Jesús Gracia toreroz jantzita, bere Dodge Dart beltz erraldoiarekin, baula gainean zeramala.

Kalea bizirik zen hamaika zereginez. Eguraldi epelarekin kaleko zaratak etxeetara sartzen ziren. Zurgindegiko zinta zerra, Gaseosas Lafajaren trinki-tranka, karromatoen motoreak, gurdien metal zintarena, aldabak, haurrak, haurrak, runbak arratsaldero, bizilagunen irratiak, gaueko isiltasuna, Maripazen dendaren atea, Uperen ultramarinos gorritik kalaka, auzoko tabernena eta haurrek jolasten sortzen zutena.

Neguko bizipen asko balkoietatik izandakoak ziren. Bizitzaren parabola perfektuak izan dira. Batera eszenatoki eta behatoki. Karnabatxo eta gaileten espazioa, solasaldiena, geranio eta eguzkirako oihalena. Eta udarakoak Kalekoa zen Tejeriako errekakoak. Han ezagutu genuen unibertso demokratikoa, harri hegalarien paradisua eta bidean Jito Alaia.

Mariak etxerako bidea bukatu du. Greziarren jainkoak dotoreak eta argiak izan ziren, gureak horrelakoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!