Madrilgo prentsa irakurtzea aski da konturatzeko aniztasun handirik ez dagoela, gutxienez paparezko egunkarietan. Felipe printzeak atzo Leiren Estatuaren aniztasunaz ari zela, pentsatzekoa da monarkia alde batera utziko zuela.
Izan ere, espainiar erregeak abdikazioa iragarri ondorengo egunetan egunkari guztiek ikuspegi bera islatu dute, informazio zein editorialetan: alde horretatik, berdintsu aritu dira ABC eta El País. Horixe omen da Felipe Gonzalezek aldarrikatu zuen batasuna: denok bat egin, gezurrari eusteko. Zorionez, alde horretatik, hobeki gabiltza hemen. Egunkariek ikuspegi kontrajarriak erakutsi dituzte azken egunetan.
Eman dezagun madrildarra zarela, botoa Podemos-i eman diozula, eta kioskora joan zarela egunkaria erostera. Azalak ikusita zer eginen zenuke? Seguru asko, jende asko egiten ari dena: etxera joan eta Interneten sartu.
Horra hor, teknologia berrien alde hoberenetakoa.