Euskal Jai izan zen horrekin akordatzen naiz. Bueno, nahiko gutxi, egia esan, lanbrotutako irudi soil batzuk geratzen zaizkit. Noizean behin anai-arrebekin joatea, taberna antzeko zer edo zer zegoela, frontonaren paretean proeiktatutako pelikulen fotogamaren baten isla urruna eta listo. Koloreekin bai, ongi oroitzen naiz, txikia nintzela nola harritzen ninduten goitik behera adornatutako paretek. Bertako koloreen dizdira.
Ni ez naiz Euskal Jaien ibili ziren gazteen belaunaldikoa. Anai-arrebak bai, ordea. Eta akordatzen naiz istiluak zeudenean amarekin igotzen nintzela, eta amak, anaia intsumiso zela manifa batetik bestera zebilen emakumea, esaten zidan beldurrik ez pasatzeko. Eta hortxe pasatzen ginen goitik behera armatutako geiperman itxurako soldatapeko biolentoen aurrean. Polizia ilarak eta ilarak zeuden.
Eta hara non, eraikina nola bota zuten ikusteko aukera izan ez banuen ere, DVDan harrituta irentsi nituen desalojoko imajinak, behin eta berriz. Aurten, Euskal Jai gaztetxearen 20. urteurrena ospatu da. Bazkaria, kontzertuak, jai giroa, batukada... Eta batutakoak behin euskal jai izan zeneko tokia berreskuratu zuten, eta bertara sartu. Egungo Aquavoxera sartu ziren behin gure, denona, Iruñekoa, herriarena izan zen hura oroitzera.
Orain, egun horretako isunak heltzen hasi dira. Bi kazetari atxilotu dituzte. Biak informatzeagatik. Bota zuten Euskal Jai eta ez dute okupazio mugimendua gelditu. Atxilotu dituzte bi informatzaile eta nola pentsa dezakete adiezpen askatasuna geldituko dutela?
Ez da kasualitatea Aquaboxa horren beltz eta grisa izatea, eta ni Euskal Jai koloretako errealitate bat bezala oroitzea.