Eta bai, badoana eta badatorrena, biak militarrez jantzita ageri direneko argazkia aukeratu du BERRIA berrituak atzoko albistea aurkezteko. Eta jarri dio zirt-zarteko izenburua: “Badoa; badirau”. Lehenengo partearekin bihotza saltari sentitzen du batek, Riegoren ereserkiaren bertsiorik dantzarienean. Bigarrenak, “badirau”ek, zapuzten du bost hizki iraun duen poza.
Analista monarkikoenek ere aitortu beste erremediorik ez dute badoana amortizatuta doala, orain esaten den bezala. Atzo autokritika hitza ere aiparazi zioten diskurtsoa prestatu ziotenek; baina jira eta bueltako keinu bat izan zen, autokritika egin behar hori gizarte osoaren bizkar gainera bota baitzuen.
Badatorrenari publirreportajea eskaini zioten EL PAISen duela bi aste, ezkondu zeneko hamargarren urteurrenaren aitzakian. Zerbait susmarazten zuen pieza hark. Barrua nahasten duena zera da, datorrenari alfonbra gorria jartzen ari zaizkionen artean, hor daudela lehen ilaran PSOEkoak, aukera paregabea galaraziz Espainiari eta mende gauzkan herrialdeei.