Hamabost gazte, lurrean borobilean eserita, paperak aurrean eta atzean motxilak; alkandoraren bat edo beste bai, baina gehienek kamisetak soinean. Ni neu ostiralean enteratu nintzen talde hau, “Podemos-Ahal dugu” izenekoa, bazenik ere. Eta enteratu nintzen lagun batek ohartarazita, Pasai Antxoko kalean jarrita zegoen kartela erakutsiz; ez zen diseinuko kartela, xinple samarra zen: hautagaien izen eta argazkiak kolore urdinxka lixibatuan, eta esango nuke indar handieneko mezua taldearen izena bera zela: “Podemos-Ahal dugu”, Obamaren “We can” hura gogorarazten duena. Gainerakoan, M-15aren oihartzuna.
Eta zer gertatuko eta igandeko hauteskundeetan aurkikuntza izan dela, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan bosgarren indarra izatera iritsi dela bat batean.
Azaleko argazkian dozena bat lagun sumatzen dira; sumatu diot, ze aurreko ilaran dauden seiak bakarrik ikusten dira ondo, atzeko ilarakoak ezkutatuxe daude, argazkian azaltzea baino ez azaltzea nahiago duten itxuran. Roberto Jimenezek ezetz, dimisiorik ez duela emango, baina ez dela aurkeztuko datorren urteko hauteskundeetara eta ezta PSNko idazkaritzara ere; martxoaren 2an hartu zuela erabakia, Barcinaren kontrako mozioa ez zela aurkeztuko jakitean. Eta hortik atzerakoak: PSOEren aginduz sartu zela Nafarroako gobernuan, eta abar, eta abar. Puf! Gure etxean, halakoentzat, kalifikatibo bat dago: MENGELA!