“Zer ostiagatik egon behar dut ikaratuta?” Hori galdetzen dio Miren Amurizak bere buruari gau batez etxeratzean pasatutako beldurraz ari den artikuluan. Herenegungo Zazpika igandekarian agertutako artikulua da, beste sexu-eraso bat, enegarrena, gertatu zen egun berean, aldi honetan, Atarrabian.
Amurizak ez du hitz egiten benetako bortxaketa batek eragindako izuaz. Etxera onik eta osorik iritsi eta gero deskribatzen du etxerako bidean edozein unetan eraso baten jomuga izan daitekeelakoan emakume batek sentitutako beldurra.
Munduan, emakume askok pairatzen dituzte, noiznahi eta nonahi, sexu-eraso bortitz larriak, eta emakume gehienok nozitu izan dugu gogoz kontrako oldar ustez arinagoren bat. Baina erasorik gabe ere, egingo nuke emakume guztiok egon garela inoiz, nola edo hala, beldurrak airean, adibidez, Amurizak deskribatutako eran, giltzak estutuz esku batean eta sakelakoa bestean, harik eta etxean sartu eta atea ixtean laxadura igarri arte.
Emakume izate hutsak eragindako beldurra da, emakumeoi askatasuna murrizten diguna, gizateria osoak lotsaizun jo beharko lukeena.