Aitor Etxarte: Bide garbitzaileak

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 26a

Egun hauetan Espainiako Erresumak bere ejertzitoari Ziudadelan gorazarre egiten dio eta horrek miseria ugari agerian utzi ditu. Alderdi politiko zenbaitek erakusketa apologetikoa kritikatu dute memoria historikoaren izenean. Autokritikarik, ordea, ez.

1977ko urrian Amnistiaren Legea onartzen da Madrilgo Gorteetan. Alderdi Komunistaren izenean Marcelino Camachok esan zuen Legea “politika koherente eta kontsekuentearen ondorioa da eta sorrera du 1956an gure Alderdiak abiatu zuen adiskidetze nazionalaren politikan”. Eta jarraitu zuen esanez Lege honekin “gure hildakoak lurperatzen ditugu.”

Egun berean Gutxiengo katalan eta baskoaren bozeramaileak, Xabier Arzallusek, aldarrikatu zuen Legea “ez da politikari bakarrik dagokion ekintza (…). Ahanztura da besterik gabe (…) guztion aldetik eta guztiontzako amnistia, ahanztura guztion aldetik eta guztiontzako da.” Eta zalantzak argitu aldera bukatzen du “Beraz, ahantz dezagun dena”.

Gorteetan PSOEren izenean hitz egin zuen Txiki Benegasek urteetara (1995ean, El Pais egunkarian) adierazi zuen: “1977. urtean demokratok frankistentzat egin genuen izan den puntu eta bukaerako lege bakarra. Urte horretan erabaki genuen berrogei urteko diktaduran gertatuaz inolako ardurarik eskatzea(…) errekontziliazioa lortzeko.”

Gerraren galtzaileen memoria ordezkatzen zuten hiru alderdi politikoen ordezkariek garbi itxi zituzten memoria historikoaren bideak. 37 urte beranduago hemen gara. Noizko PSOE, PCE eta EAJ-PNVren autokritika? Hiru protagonista hauek bidea egin zioten erakusketari. Beraiek ere ardura zuzena dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!