Txoriak izan ginen baina hegalak moztu zizkiguten zure bila gauez eta ostikoka etorri zirenean, ni bortxatu nindutenean...
Txori izan nahi genuen baina ezin, erlijiopean hezi gintuztenean dena pekatua zela esanez.
Altxorrik preziatuenak, bizitza eta askatasuna lapurtu zizkiguten, eta ez zen erantzulerik agertu, Historiak ez zituen inoiz epaitu. Horren ordez, luzez jasan behar izan genituen bihotzgabekeri haien arduradunei gaur omenaldi egingo zaie Ziudadelako aretoan, America 66 erregimentu militarraren 250. urteurrena ospatzeko, erakunde publikoek antolatuta, guztiona den espazio batean...
Hauentzat, ez dago ez debekurik erakusketaren “eduki politikoengatik”, besteoi esan ohi diguten bezala.
Eta hauteskundeen aurreko “gogoeta eguna” aplikatuko al zaie frankismoa eta heriotza goraipatzeagatik?
Txoriak gara eta kaiolatik ihes egiten dugu botereari men egiten ez diogun bakoitzean. Bizkar-haizea dugu gure alde eta ez gara haien atzaparretan berriro eroriko. Esan diezaegun bada alde egiteko, hemen eta Europan.