Idurre Eskisabel: Itxaropena

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 23a

Atzo une batez izan nuen itxaropena gaur hona ekarriko nuen argazkia Josu Bergara Sestaoko alkate jeltzale xenofobo eta larderitsuarena -eta, o! Bizkaiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari ohiarena- izango zela; hots, EAJ alderdiak behartuta dimisioa ematen zuen unekoa. Dimititzera behartuko zutela ijito eta migranteak kaka direla, ijito onik apenas dagoela, eta berak Sestaotik hostiaka botako dituela esan zuelako. Are, berak legea egunero urratzen duela adierazi zuelako, eta,  batik bat, agidanez, prebarikatu egin duelako Sestaoko hainbat bizilaguni errolda ukatuz -ijitoak eta migratzaileak direlako-.

Baina ez da izan halako argazkirik. Aitzitik, oso bestelakoa da Josu Bergara Sestaoko alkate jeltzale,  xenofobo eta larderitsuaren atzo arratsaldeko argazkia: medio ugaritako kazetarien aurrean jarri zen esateko ez duela dimitituko, agintean segituko duela, harro.  Ordainetako keinu gisa-edo, barkamena eskatu du -Bidasoaz hegoalderako politikari ugarik Espainiako errege Borboiari ikasitako estilo penaemangarrian-.  Eta esan du bere akatsa izan dela inori “kaka” deitzea, hori ez dela egokia. Baina funtsezko mami eta edukian lehengoari eutsi dio: kanpotik datorrena, gu ez garena, gaiztoa eta mehatxua dela normalean, eta kanporatu egin behar direla gure esanetara erabat plegatu ezean.

Ez da izan espero nuen argazkirik. Nire itxaropena zapuztuz EAJ ez da izan gai  hainbestetan aldarrikatu dituen giza eskubideen eta demokraziaren oinarrizko printzipioei babesik emateko. Ikusten denez, hain merke da zuri jokatzea, populismo arriskuetsenak hainbeste boto eman ditzake...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!