Osasunaren jaitsiera futbolzale ez garenontzat ere, albiste txarra da, batez ere lehen dibisioa galtzeak dakarren kalte ekonomikoagatik.
Batetik, Osasunak berrogei bat milioi zor digu nafarroi ordaindu ez dituen zergengatik. Eta agintariek zergatik utzi diote zorra pilatzen? Argi dago: futbola tartean delarik, agintari guztiak kontuz ibiltzen direlako. Badakite erantzukizunez jokatuz gero, gehiago dutela galtzeko irabazteko baino. Hori da utzikeriaren eta tratu bereziaren arrazoia.
Osasunak zorra kitatzen hasteko plana hitzartua zuen Gobernuarekin. Igandetik paperak ez du deusetarako balio, nafarrok ez dugu zor hori kobratuko, orain helburua bestelakoa baita: kluba ez desagertzea.
Bigarren ondorioa, jaitsierak ostalaritzan-eta eraginen duen kalte ekonomikoa.
Eta kazetaritzan ere izanen du eraginik. Antza denez, Osasunaren jaitsierak nafar kazetari batzuk kale gorrian utziko ditu. Profesioaren egoera larrian, beste kolpetxo bat.
Futbolean, beraz, zehar kalteak uste baino larriagoak dira. Eta gerretan bezala, errugabea izaten da kaltetuena.