“Emakume batek dirua eta berarentzako gela bat behar du izan, literatura idatziko badu”

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 20a

Virginia Wolf idazle britaniarraren esaldi preziatuak ekarri dizkigu Arratsalde.on saiora Josetxo Azkonak. Bizimodu gogorra izan zuen emakume honek, gaixotasun mental batek areagotuta.  Hala ere, lan garrantzitsuak idatzi zituen XXgarren mendeko literaturan eta bere ideia batzuk feminismoaren oinarritzat hartu izan ziren.

* Ez dago ez hesirik, ez sarrailarik, ez kisketarik nire askatasunari inposatu diezaiokezunik.

* Idazle baten arimaren sekretua, hots, bere bizitzaren esperientzia eta ezaugarri bakoitza, zabal idatzirik daude haren idazkietan.

* Begien bistakoa da emakumezkoen balioak maiz gizonezkoak sortutakoen aldean desberdinak direla. Halaz eta guztiz ere, balio maskulinoak dira nagusi.

* Bizitza da halako argi distiratsu eta azal erdi-garden bat, kontzientzia dugunetik  amaierara arte estaltzen gaituena.

* Bai, noski: beti eduki itzazue klasikoak zeuen eskura, erorikoari aurre egiteko.

* Maitasuna ilusio bat da, norberak bere buruan eraikitzen duen historia bat, jakitun izanik hori guztia ez dela luzaro egia izanen; horrexegatik, arreta jarri behar da ilusioa zapuztu ez dadin.

* Emakume batek dirua eta berarentzako gela bat behar du izan, literatura idatziko badu.

* Silueta ebakiak gara, perspektibarik gabeko lainotan mugitzen diren mamu hutsalak.

* Pentsatzen aritu naiz, bai: etorkizunik gabe bizi gara. Eta hori bai dela harrigarria: bizi gara sudurra ate itxiaren kontra estututa daukagula.

* Maitatzeak bertzeengandik bakartzen gaitu.

* Janari guztiak prestatuak izan direlako eta platerak eta katiluak garbituak; haurrak eskolara  bidaliak izan direlako eta munduratuak. Baina deus ez da gelditzen  horretatik guztitik: dena desagertzen doa. Inongo biografiarik ez historiarik ere ez dute deus erran horren inguruan.

* Heriotza etsaia da. Eta ni banabil heriotzaren kontra, zorroan sartutako ezpata dudala eta ilea haizean flotaturik eramanik.

* Dena da galkorra, ostadarra bezalaxe.

* Batek ezin du ongi pentsatu, ongi maitatu eta ongi lo egin, baldin eta ongi jaten ez badu.

* Hizkuntza neurritsu bat erabiltzen hasi naiz, maitaleek  darabiltena bezalakoa: hitz hautsiak, zartatuak, espaloiko oinatzen marruskadura bezalakoak. Silaba bakar bateko hitzak, umeak gela batean sartu eta mintzatzen direnak bezalakoak. Gelan haien ama josten ari da, eta haurrek artile zuriko hari-zuntz bat edo luma bat hartzen dute zorutik. Oihukatu behar dut, garrasi egin.

* Emakumezkoak emazte gisa bizi izan dira mende hauetan guztietan, eta botere magiko eta atsegingarria baliatu izan dute gizonezkoaren irudia islatzeko: gizonezkoaren tamaina naturala halako bi.

* Bere gorputza beratu zen, hainbesteraino non nerbioak gelditzen  baitzitzaizkion soilik. Gorputza zabalik zegoen, etzanik, belo bat arroka batean bezala.

* Maitasun-abesti bat kantatzen ari zen; milioi bat urte iraun duen maitasunari buruzkoa.

* Zeren eta, hagitz tristea baita, batek zer sentitzen duen sekula ez erratea. * Sufrimenduaren bidez ezagutzera heltzen da.

* Eta berriro ere bakarrik sentitu zen, bere betiko etsaiaren presentziaren aitzinean: bizitzaren aitzinean, alegia.

* Bizitza ametsa da, eta esnatzea da hiltzen gaituena.

(Leonard Woolf-i, senarrari, zuzendutako idatzizko oharra, suizidatu baino lehen:

* Oraingo honetan ez naiz nire onera itzuliko. Ahotsak entzuten hasia naiz eta ezin dut  neure burua deusetan kontzentratu. Litekeen zorionik handiena eman didazu zuk. Baina ezin dut borroka gehiago egin. Lerro hauek egoki ere ezin dudala idatzi antzemanen duzu. Jada ezin dut irakurri. Norbaitek salbatu ahal izan banindu, zu izanen  zinatekeen. Deus ez zait gelditzen zure onberatasunaren ziurtasuna salbu. Ezin dut zure bizitza denbora gehiago suntsitzen jarraitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!