Atzo, goizeko ajeari aurre egin eta gero, arratsaldean Uharteko Sortzen festara joan nintzen, beste milaka euskaltzalerekin batera, Euskal Eskola Publikoaren alde. Arratsalde polita pasatu genuen, eta gainera, eguzkia lagun izan genuen.
Baina, egia esan, larunbateko gerraren ondotik, gorputzak atzo ez zuen oso erantzun positiborik ematen, eta lasai ibili ginen kontzertuak belardiko itzalpetan ikusten. Eta, nola ez, futbolaren azken berriak ere jakin genituen han bertan: Osasuna 2. mailako talde izanen genuela. Eta aitortu behar dut: poztu egin nintzen.
Poztu egin nintzen nazkatuta nagoelako futbolaz eta bere zirku guziaz. Nazkatuta nagoelako inguruan duenaz, mugitzen duen guziaz. Zor duten dirua itzultzea nahi dudalako. Ordain dezatela azken xentimoa ere.
Gero eta gehiago harritzen nau zer nolako papera daukan gizartean futbolak eta bere espektakuluak, zenbat diru mugitzen duen eta nolako protagonismoa duen.
Esan behar nuen: albisteak poztu ninduen. Ea hemendik aurrera behintzat zirkuaren gehiegikeria jaisten hasten den, pixka bat bada ere. Ea egunkaritako azaletik leku pixka bat bederen kentzen dioten. Esan behar nuen.