Irribarre garestiko emakumea dirudi, txisteen barrea ere bere kolkorako gordetzen duen horietakoa; zorrotza du begirada, 77 urteek lausotu gabea eta pintura beltzak azpimarratua; hala ere, ezpainak lasatuta eta begiak ñi-ñir jarri du Josu Ibargutxiren agurrak.
Maria Servini epaileak diskrezioz jokatu nahi duela berretsi du Ibargutxik, Lau Haizetara Gogoan-eko eledunak, eta erabat ulergarria da nahi hori; areago, eskertzekoa ere bai, eskuartean dituen aferak kontuan hartuta. Eta puntu honetara iritsita, disparatzen zaio bati halako deserosotasun bat, ze, ea, non gaude, Argentinatik etorri behar epailea Francoren ibilbide luzeko kontzentrazio eremu, fusilatze, kartzelaratze eta abarren berri jaso eta horien kontrako izapideak martxan jartzeko… Ohartze hori ez da oso lasaigarria.
Beste emakume honek bai, irribarrea erakusten du berak zehatz izendatuko zituen landare horien atzetik: Marie-Andrée Arbelbide da, Donibane Lohizunetik autopistarako irteeran dagoen Lafitte landare mintegiko etxekoandrea, eta Heletako auzapeza izana... hogeita hamaika urtez! 1977tik 2008ra. Bere hilberri kronikan, BERRIAn, Nora Arbelbidek jaso duenez, Lizarra-Garaziko akordioa Lizarra-Heleta izateko zorian egon omen zen, Marie-Andréek Heleta eskaini zuelako akordioaren bigarren partea sinatzeko; anekdotatik haratago, datu esanguratsua emakume engaiatuaren erretratua osatzeko.