Jaioberritan ura bota burutik behera bota eta haien sektako partaide bezala inskribitu gintuzten. Zortzi urte genituela ostia zati lehor bat ahoratu eta jainkoa gugan zegoela sinetsarazi ziguten. Gerora, mundua nola begiratu behar den esan digute sotana beltz eta mentalitate herdoilduz. Pederastiaren rankingeko buru den instituzioak azaldu digu zer dagoen ongi eta zer gaizki.
Eliza katolikoak zehaztu digu, beraz: Zeinekin jo eta zeinekin ez, nola maitatu, nola bizi, zer egin gure gorputzarekin, zergatik dagoen gaizki abortua eta masturbazioa, zer den zilegi eta zer ez, eta zer den morala eta zer inmorala.
Eta ez dakit nire ateismorako bulkada izpirituala den, edo oso inposaketen zalea ez naizela, baina ez dut ulertzen. Ez dut ulertzen nola egon daitekeen fondo publikoetatik elikatzen den egitura erlijioso bat, zeinak bizitzaren esparru guztiak arautu nahi dituen, eta gainera, errespetatu egin behar dugun.
Orain astebete, zazpi pertsona salatu zituzten, kalejira ateoa egiteagatik, Iruñean. Txantreako kalejira ateoa izan zen hura, eta salatutako zazpi gazteak lagunak eta ezagunak ditut. Sei hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra eskatzen diete, “sentimendu erlijiosoak iraintzea” leporatuta. Aste santuko prozesioak parodiatzen izan zen egin zuten bakarra. Baina, epaile aurretik pasa beharko dute, ustez laikoa den sozietate batean.
Errespetua eskatzen digute elizarekiko. Errespetua egitura jerarkiko eta zapaltzaile bati. Errespetua errespetatzen ez gaituenari. Ba sentitzen dut, baina ez zait ongi iruditzen. Eraso egiten digun instituzioari ez diogu errespeturik zor.