Patxi Zubizarreta: Arrosak, poesiak eta prosak

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 14a

Eta gaurkoan, beharbada Jon Iriberriren Larrosak noizean behin poema liburua gogoko eta gogoan dudalako, haren poesia batekin hasiko naiz,

Bakarkako lana da bizitza.

Bakarrik noizean bhein

larrosaren bat opa digu patuak

begira

mira

desira

dasta dezagun,

eta —une batez aserik—

bidera lasai itzul gaitezen.

Bizitza bakarkako lana da;

baina, inoiz edo behin,

binaka jartzen gara

argazkiarendako.

Eta poemaren ondotik, Grimm anaien ipuin enigmatiko bat, zuk zeuk entzule fin eta prestu horrek entzun, eta asma dezazun, erantzun dezazun:

«Sorginkeria baten bitartez, hiru emakume arrosa bihurtuak izan ziren, eta lorategi baten erdian kokatuak. Hiru ur tanta bezala, hirurak ere elkarren berdin-berdinak ziren. Haietako bakar batek, hala ere, atzera emakume bihurturik, gauero etxera itzultzeko aukera eta dohaina zuen.

»Gau batez, eguna argitu aurretik, senarrari esan zion: ‘Egunsentiaren ondoren niregana etorri, hiru loreen artean nireari antzeman, eta lurretik erauzten baldin banauzu, sorginkeria bertan behera geratuko da eta aurrerantzean elkarrekin bizi ahal izango gara’.

»Esan eta egin. Lehen argiarekin, senarra landara joan zen eta hantxe topatu zituen hiru arrosak, igual-igualtsuak hirurak ere. Baina zalantza izpirik izan gabe, berehalakoan hartu zuen lore egokia eta, zorionez, emakume bihurtu zitzaion. Gero, senar-emazteak elkarrekin joan ahal izan ziren etxera. Alabaina, nondik nora jakin zuen gizonak zein zen emaztearen lorea? Nolatan asmatu zuen egokia hautatzen?».

Noizbait, nonbait irakurri nuen mahats artean, mahatsondoetan lanean aritzen direnek, batzuetan arrosak landatzen dituztela mahastien inguruan. Antza, baliabide ona zaie mahatsa ongi datorren edo eri dagoen jakiteko. Arrosak maskalduz gero, arrosak zimelduz gero, horrek esan nahi du gero gaixoak mahatsari erasango diola, eta badagoela tarte bat horri aurrea hartzeko, horri aurre egiteko.

Baina irakurri ere, besterik irakurria dut, alegia, behin izan zela printze bat, berarekin ezkondu nahi zuten hiru hautagaiei arrosa bana eskaini ziena.

—Arrosa ongien zaintzen duenarekin, arrosari ongien esaten dionarekin, horrexekin ezkonduko naiz.

Hiru hilabeteren buruan, hiru hautagaiak arrosa banarekin agertu zitzaizkion. Bik arrosa zoragarriak, lurrin horditzailearekin erakutsi zizkioten, eta hirugarrenak lore ximel triste bat erakutsi. Baina printzeak, baratzeko arrosaren senarraren antzera, ez zuen zalantzarik izan eta huraxe aukeratu zuen. Hura hartuko zuen emazte.

Horra literatura: lore, lurrin, erro eta ero, kirats eta itzal. Baina horra literatura tranpatia ere. Terapia ere. Eta hona nolatan jakin zuen senarrak emaztearen arrosa zein zen. Gauez, emaztea berarekin egoten zenez, ohatzean gozo, egunsentian harexek ez zuen euri edo ihintz tantarik izango, haretxeri basura falta.

Eta hona nolatan erabaki zuen printzeak arrosa ximelaren jabearekin ezkontzea, hain zuzen ere, denboraren poderioz berak emandako landare hura tristetu, sikatu eta behera etorriko zelako, eta ezin zelako hiru hilabeteren buruan arrosa ederrik eraman. Arrosa ximela eraman zuena izan zen, izan, itxurakeriatan ibili ez zen bakarra. Eta bakana. Arrosak bezala. Musuak bezala.

Eta Jon Iriberri, hau da, Gerardo Markuleta poeta aipatu dugunez, eta arrosak, hona haren Lehen adbokazioa poema, arrastoa uzten duen karmina bezala.

Zain itzan heure larrosak:

urezta itzan ur gardenez

ilunabarrero

eta behatz punttekin

xamur zipristinddu

hosto, lore, arantza eta ernamuinak.

Gorde itzan heure larrosak

eguzkiaren astunak

ez ditzan ximel galdu

hatzapar hori goriez;

estal itzan heure larrosak

satiroen mihi, begi zorrotzetatik

beira zabal, ilun, lotsakor batez.

Zain, gorde, estal itzan

heure larrosak;

eta ez hadi larregi kezka

neguaren ezinbesteko etorreraz;

ez hadi larri

hosto, lore, arantza eta ernamuin

hutsaren hurrengo izango badira

denbora ankerraren

oinots azkar isilen

iragan ostean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!