Argazkia hogeita bosgarren orrialdean dago. Liburuz tapizatutako gela batean, emakumezko bat pikotxean, troley batean liburuak sartzen. Irribarretsu begiratzen dio kamerari emakumeak; Josune Muñoz da, filologoa, literaturaren aztertzailea, bereziki emakumearen ikuspegitik. Gaur iluntzean “Cincuenta sombras de Grey desmuntatzen” hitzaldia emango omen du Ondarroako Etxelilan. Ondarroako liburutegian libururik irakurriena izan omen zen Greyrena iaz.
Aurten igual suertatuko da “El guardián invisible”, Dolores Redondoren Baztani buruzko trilogiako lehena, edo “Legado en los huesos”, bigarrena, Redondoren weborriak dioenez dagoeneko dozena bat hizkuntzetan ateratzeko zorian omen dagoena. Pentsatzen dut –espero dut- Josune Muñozek abiatuko duela Redondoren literaturari buruzko azterketa.
Hamasei urteko iloba bikiek kontatu dizkidate niri “El guardián invisible”-ren pare bat zertzelada, oka egiteko modukoak; literaturako irakasleak aginduta irakurri behar izan dute liburutzarra; ikaskide baten amak liburua hartu eta hautsi egin omen du, txarraren txarraz agoantatu ezinik.
Ez dakit zertan izango den Redondoren trilogiaren zinemaratzea; joan den udan azaldu zen “Millennium”en produktoreak filmak egingo zituela. Eta bai, genero bertsukoak denak, Lisbeth Salander gogaikarria eta Amaia Salazarren istorioak: merchandising operazioen alabak. Josune Muñozek badauka zer desmuntatu; eta ea literaturako irakasleak behintzat enteratzen diren…