Mikel Irizar: Maiatzan lore

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 12a

Argazkian jende multzo handi bat kalean. Izan liteke Iruñeko manifa larunbatean osasun publikoaren alde; edo igandeko Herri Urratsen festa Senperen Seaskaren alde; edo Gure Esku Dago nonahi egiten ari den gizakate lokal horietako bat, erabakitze eskubidearen alde, ekaineko handia prestatzeko.

Urtero maiatzean mukuru betetzen da natura, eta baita kaleak ere. Natura, lorez, eta loreila ere deitu izan zaio maiatzari horregatik. Eta kaleak betetzen dira jendez, negua atzean utzita eguzkiak burmuinetan ernaraziko baizukeen besteenganako interesa.

Ongi daude loreak maiatzean. Baina iraun beza urte osoan jendeak kalean. Ez dadila itzali herritarrongan interesa eta kezka besteekin partekatzen ditugun gauza garrantzitsuekiko, hots, osasun publikoa, demokrazia edo euskara. Gai horietan, izan bitez hile guztiak lore-hilak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!