Iñaki Irisarri: Ustekabea

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 8a

Ustekabea bizitzaren gatza da, zer demontre. Oso gustukoa izaten dugu den-dena kontrolatua izatea, jakitea zer etorriko zaigun oraindik lainopean dagoen etorkizun lauso horretatik. Eta lan eta lan aritzen gara espero dugun hori etorriko zaigulakoan... Baina jakina, dohakaitza gurea, ziurgabetasuna baita mundu honen ezaugarri ziur bakarra.

Eta horrela, gutxien ustean erbia lo aurkitu eta gure egunerokotasun hitsa irauliko duen ustekabea etorriko zaigu gainera halako batean, nolatan gertatu den kasik igarri ere egin gabe.

Ustekabe hori beltza edo koloretsua den, bestelako kontua da. Baina tira, ustekabeak ez du zertan gaiztoa izan, eta ez gara makurrenean jarriko, ez behintzat udaberri zoragarri honetan.

Beraz, gogoan izan beti ustekabe bat bidean hasia dela zuregana, baina ez berotu burua alferrik, hori baita jakiten ahal duzun guztia. Izan ere, ustekabea, ezinbestez, ez da zure ustearekin bat etorriko, eta, hortaz, hobe duzu burua beste kontu batera bideratu, denbora alferrik xahutuko ez baduzu.

Bitartean, har dezagun ustekabearen adibide gisa duela egun gutxi Mendebaldea auzoko kaleetan barrena bueltatxo bat eman zuen orkatza, eta ez ahantzi, erbia lo aurkitzeko prest egonik ere, gutxien ustean, orkatza jauzika.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!