Gauza jakina da agintariek ez dutela kontrola maite. Eta zenbat eta urte gehiago boterean, orduan eta argiago gelditzen da joera hori. Ni hemen, jaun eta jabe. Ni naiz lurraldearen onura bermatzen duen bakarra. Ni gabe, pikutara goaz.
Horrelako pentsamoldea duenarentzat, kontrola gainetik kendu beharreko zama da. Gaur bertan irakurritako bi berrik ederki laburbiltzen dute joera hori: Parlamentari-kopurua jaitsi behar da, horrela diru pila bat aurreztuko dugulako. Eta agintarien arabera, Arartekoa sartu behar ez den tokietan sartzen da.
Gurea oso demokrazia ahula da. Horren zantzuetakoa da, beste bat aipatzeagatik, erantzukizun politikoaren eremu zabala erantzukizun penalaren mugetara murriztu dutela, hemen epaile batek zigortu arte inor ez baita etxera joanen. (Eta badakigu ze zaila den epaile batek politikari bat zigortzea).
Bai, ahula da gure demokrazia, eta argi dago urteak betetzea ez dela aski kozkortzeko. Alderantziz, urteak joan, urteak etorri, gaisoa gero eta larriago dago.