Hannah Arendt (Alemania 1906- EEUU 1975)
Pentsalari politiko alemandarra. Juduen aurkako jazarpena sufritu zuen bortizki eta haren kontra jardun zuen. Pentsalari sakonenetako bat dugu Hannah Arendt. Totalitarismoen sorreraz gogoetagile nagusia. Zorrotz eta kritikoa izanik boteredun askoren ezinikusia bereganatu zuen.
Bere esaldi batzuk ekarri dizkigu Josetxo azkonak “Epiktetoren kutxa” saioan.
* Gaizkia muturrekoa da, baina hark ez du sakontasunik, eta gainera ez du dimentsio demoniakorik.
* Gaizkia handitu, hazi daiteke neurririk gabe, eta hark mundu osoa suntsitu dezake, mundua zabor bihurtzeraino. Gaizkia, hain xuxen ere, zabaldu egiten da onddo bat lurrazalean zabaltzen den bezala.
* Gaizkiak erronka, desafio egiten dio pentsamenduari, zeren eta, pentsamenduak halako sakon batera iritsi nahi du, hots, erroetaraino joan nahi du.
* Pentsamenduak, gaizkia arakatzen duen une horretantxe bertantxe erratu, huts egiten du, gaizkian deus ere aurkitzen ez duelako. Hori hutsalkeria bertzerik ez da, gaizkiaren banaltasuna.
* Ongiak bakarrik du sakontasuna eta, gainera, erradikala izan daiteke.
* Nire bizialdian ez dut behin ere maitatu inongo herririk, ez kolektiborik. Ez aleman herria, ez frantsesa, ez estatu batuarra.
* Eta ez dut maitatu ez langile klasea, ez eta horren antzekotasunik duen ezer. Izan ere, nire adiskideak baizik ez ditut maite. Eta pertsonenganako maitasun hori da, hain xuxen, ezagutzen dudan maitasun mota bakarra. Gisa horretako maitasunean bakarrik sinesten dut nik.
* Iragana zinez gainditzen goazen neurrian, gainditze horrek gertatu zenaren berri ematera behar du erakarri.
* Gizakiak, hilko bagara ere, ez gara munduratuak izan hiltzearren, baizik eta berrikuntzak egitearren.
* Inor ez da zoriontsu izanen, zorion publikoan parte hartu gabe. Inor ez da aske izanen, askatasun publikoan esperientziarik izan gabe.
* Eta, azkenean, inor ere ez da zoriontsu edota aske izanen, baldin eta inplikatzen ez bada botere publikoan eta bertan parte hartzen ez badu.
* Honako ezaugarri hauek egiten dute handi gizakia: zintzotasuna, duintasuna, iraunkortasuna eta halako adore xalo bat.
* Funtsean, zintzotasunak, duintasunak, iraunkortasunak eta halako adore xalo batek -handitasun horrek- berdintsu iraun ohi du mendez mende.
* Muturreko iraultzailerik iraultzaileena, kontserbadore bihurtuko da iraultza egunaren ondotik.
* Ez dago pentsamendu arriskutsurik; pentsamendua bera da arriskutsu.
* Hirugarren mundua ez da errealitate bat, ideologia bat baizik.
* Kontzentrazio (Heriotza)-Eremuek zerbait anonimo bihurtu zuten heriotza. Horrek, hain xuxen, ezinezkotzat egiten du preso bat bizirik edo hilik ote dagoen jakitea.
* Kontzentrazio (Heriotza)-Eremuek heriotzari kendu zioten bere esanahia. Pertsonari bere heriotza bera lapurtu zioten. Horrek adierazten du norberaren heriotza ez zela norberarena, ez eta inorena ere.
* Tirania baten menpe egonik, errazagoa da jardutea pentsatzea baino.
* Barkamena ekintza eta askatasunerako giltza da.
* Hau da nire bizialdia gidatu duen arau nagusia: okerrena gerta dadin prest egotea, onenaren zain egotea, eta, datorrena datorrela, delako horri eustea.