Abertzalea zara eta abertzalea zarenez munduko herri guztien burujabetzaren aldekoa. Ukrainiako kontu hori ez duzu argi, ordea. Begi onez ikusi zenuen duela 20 urte Ukrainia Errusiatik bereiztea. Begiak, alabaina, ez zaizkizu berdin alaitzen orain ekialdeko eskualdeak Ukrainiatik bereizi nahi dutelarik, zertarako eta Errusia handira itzultzeko. Baina abertzaleaz gain ezkerrekoa ere bazara, orduan okerrago duzu. Zeren zure bihotzaren zati bat erdibiturik gelditu baitzen Sobiet Batasun ohiak pot egin eta errepublika bakoitzak bere kasa ihes egin zuelarik, eta orain ez duzu argi non den ezkerra eta non eskuina, baldin eta ezkerrik inon bada, Ukrainiako ekialdean elkar hiltzen ari den jendeen artean. Eta arrunt deseroso sentitzen zara hango berriak ailegatzen zaizkizularik. Eta nahiago duzu musika entzun, edo Metropoli forala, edo bizikleta hartu, edo poteatzera joan, edo auskalo zer.