Eskerrak bezeroa informatu eta artatzeko bulegoa den, hala jartzen du behintzat, katalanez, ze argi-itzal horretan toki siniestroaren tankera hartzen du erabat. Itzalaren aldean daude kartela eta guardia zibil bat, zaintzan; eguzkitan ADIF jartzen duen langa, txabola bat barrenean eta tartean trenbidea. Argazkilariak jakin izan du berez arruntak diren tokiari eta eszenari zukua ateratzen.
Parte txarreko itxura hori ondo irabazia du argazkiak. Oraingoan ere ustelkeria kontuak datozkigu, zer eta Abiadura Handiko Trenaren kontura. ADIFeko funtzionari batzuk eta Isolux enpresa daude jo puntuan. Joxerra Senarrek gaurko BERRIAn idatzi duen txostenaren arabera, Isolux enpresak muturra ondo sartua du, Gurtel-en ez ezik, hemen, Euskal Herriko hainbat negoziotan, AHTa bera barne.
Eta arazoa ez da bakarrik milioiak lapurtu izana; kontua da ze sinesgarritasun eman dakiekeen halakoei, demagun, obren ziurtasunari dagokionez edo hor ari diren langileen segurtasunari buruz.
Entzungo zenuten txiste hori, AHTa munduko bidegorririk garestiena dela dioen hori. Oso modu grafikoan kontatu zidan lankide batek, eta ikusarazi zidan bidegorri eta bide berdeetako bezeria ugaria makila hartu eta trenbidea izan behar zueneko zubi erraldoietan paseoan. Okerrena da, txiste izan nahi duenari egiantza hartzen zaiola.