“Goizero, hainbat haur gosaldu gabe joaten dira Iruñeko ikastetxeetara”

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 5a

Gosariak ekimeneko ordezkariak, Oberena peñaren saria jasotzen (Argazkia: @haritzpg)

Iruñean, egunero, hainbat ume gosaldu gabe joaten dira haien ikastetxera. Ez dira gutxi, gainera. Gero eta familia gehiagok ez dute oinarrizko beharrak asetzeko aukerarik. Egoera larri honekin kezkatuta, Iruñeko peñek “Gosariak” ekimena jarri dute abian.

Gaur aurkeztu dute proiektua jendaurrean, eta horren berri eman digu Irrintzi Peñako kide Haritz Pascualek Euskalerria Irratian. “Duela urte bat izan genuen arazo honen berri. Irakasle batek azaldu zigun ikasle zenbait gosaldu gabe joaten zirela eskolara, haien gurasoek ez zutelako dirurik goizeko otordua emateko”, azaldu du. Pascualen arabera, "ikasleek lo hartzen dute ikasgelan, oso ahul aritzen dira soinketan….”.

Bi ikastetxe, 140 gosari

Oraingoz, bi eskoletan hasi dira gosariak ematen. Guztira, 140 gosari banatzen dituzte. Irrintzi peñako kideak esan digunez, “beste bost ikastetxe ere harremanetan jarri dira gurekin; beharra gero eta handiagoa da; arazoa gero eta larriagoa da”. Peñekin batera, beste zenbait erakundek ere bat egin dute ekimenarekin; besteak beste, elikagaien Bankuak eta Ostalaritza Eskolak.

Argazkian ikus daitekeenez, iragan larunbatean, Amantal solidarioa saria eman zion Gosariak ekimenari Oberena peñak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!