Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa (audioa behean):
Gu guziok kontingenteak gara, baina zu, ezinbertzekoa
- Osasun sistema publikoa kontingentea da, baina Los Arcos-eko zirkuitua, ezinbertzekoa. Maiatzaren 2an, David Hasselhoff, Samantha Fox eta Ricky Ashley –bertzeak bertze– izan ziren Los Arcoseko zirkuituan, eta horrek, naski, egindako inbertsioa justifikatzen du. Back to thefuture filmean, auto bat erabiltzen zuten etorkizunera bidaiatzeko. Nafarroan, auto baten bidez joan gara iraganera, eta segur aski ez da hori baino metafora hoberik krisi garai honetan gertatzen ari dena irudikatzeko.[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=oBWvnet50zc[/youtube]
- Diktadurak kontingenteak dira, baina katolizismoa, ezinbertzekoa. Edo hala pentsatzen zuen KarolWojtilak, dagoeneko San Joan Paulo denak. Saindua da, beraz, preserbatiboa gaitzetsi, komunismoaren kontra borrokatu baina Hegoamerikako diktadurak babestu, eta pederastia Elizan ikertzeari uko egin zion poloniarra.
- Gutun-azalak kontingenteak dira, baina gainsoldatak, behar-beharrezkoak. Europako hauteskundeak hurbildu ahala, PSOEk eta PPk alderdi diferenteak direla erakutsi beharra dute, eta horregatik oilartuta dabiltza. Azken kalapitan, PSOEko bozeramaileak gainsoldatak kobratu izana leporatu dio Espainiako lehendakariordeari, eta honen arrapostua fin-fina izan da. Polemika hau gorabehera, iduri luke ustelkeria desagertu egin dela eztabaida politikotik.
- Laikotasuna kontingentea da, baina Aralarko aingerua, ezinbertzekoa. Horregatik, ongi dago urtero Nafarroako Parlamentuari bisita egin diezaion. Ezkerrak bisita bertan behera eskatu ondoren, aingeruaren etorrera defendatu dute UPNk, PPk eta... Aralarrek. Beraz, inoiz zure laikotasunak eta zure (ustezko) euskaltasunak talka eginen balute, badakizu zein aukeratu: superstizioak politagoak omen dira, aitzinean euskal adjektiboa baldin badaramate.
- Nafarroako biztanle guziak kontingenteak dira, baina bera, ezinbertzekoa. Eta berak erran digu krisia akitu dela. Eta, badaezpada ere, UPNko bazkideek argudio sorta bat jaso dute, propaganda hori nola defendatu jakin dezaten.[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=RZoQTevmiaU[/youtube]
- Egia kontingentea da, baina propaganda, gero eta beharrezkoagoa. Mariano Rajoy arrunt pozik dagoela erran du langabeziaren datuak ikusi eta gero. Espainian, halere, bortz milioi baino gehiago dira langabe daudenak (Nafarroan, %17koa da langabezia tasa), baina gainantzezturiko poz hau aspalditik heldu den propaganda-kanpaina da. Eta Leire Barrenak Zuzeu atarian azpimarratu bezala, kontua ez da bakarrik ea lanik sortzen den, baita nolako lana sortzen den ere.
- Narkotrafikatzaileak kontingenteak dira, baina ETAkideak behar-beharrezkoak (gobernuaren propagandarako). Espainiako gobernuak justizia unibertsalaren legea aldatu zuenetik, zenbait narkotrafikatzaile kartzelatik atera dira. Europak Parot doktrina bertan behera utzi zuenean, ABCk edo La Razónek beren azaletara eraman zuten albistea, ETAko kide izandako bat espetxetik ateratzen zen bakoitzean. Narkotrafikatzaileak libre gelditzea, ordea, ez bide hain kezkagarria.
- Bestak kontingenteak dira, baina errespetuak ezinbertzekoa izan beharko luke. Txantreako bestetan, bi eraso sexista izan dira. Batzuen jarrerak sortzen duen nazkak ez du mugarik.
- Guardia Zibilaren jarduera didaktikoak kontingenteak dira, baina errepresiboak ezinbertzekoak. Atzo, igandea izanik, Guardia Zibilak eskolara joan beharrik ez, eta Tafallan Fernando Sota atxilotu zuen. Honen delitua, ETAko presoen argazkiak jarri izana.
- Langileen eskubideak kontingenteak dira, baina finantza-munduko etekinak, ezinbertzekoak. Eta egoera horretan, maiatzaren lehena ospatu dugu.[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=frsVL7MXCvk[/youtube](Webgunearen azaleko David Hasselhoffen irudia Wikipediatik hartua da)