Jai egunen segida, txikia edo handia izanik, ezinbestekoa da bidaiatzea. Bestela, ispilu aurrean gure buruari porrota aitortuko diogu. Bestela, ezagunen aurrean errukia garatuko dugu. Ez bidaiatzea da galtzailearen ezaugarri bat. Bidaiak definitzen gaitu. Horrela, motxiladun abenturazale, jubilatu konbentzionala, gastronomo jakintsu, museo-espektakuluen bisitari, koadrila sinpatikoa edo ekoturistak gara.
Jai egunak pasa ondoren, sasoi egokian gara hiri exotikoetan oinak narrastu dituztenen kontakizunak entzuteko. Hutsaren emaitza da balantzea. Ezberdintasunaren bila joan eta berdintasuna nagusia da. Hiriek partikularra zutena galduz joan dira. Han eta hemen parekotasun handiagoa dute. Antzeko faktoreek eragin handia eduki dute eta arrastoak hor dira.
Hiri barreiatua, etxetxo eta belarditxoz inguratua, ez zaio turistari axola. Ez da harritzekoa, ez-hiria da. Beraz, dagoenean, bertako hiri zaharrera jotzen du. Aukera du egiaztatzeko urteetan eraikuntzak, komertzioak, tailerrak, tabernak, ohiturak eta harremanak suntsitu direla. Edozein hiri zaharraren kaleak komertziorako jarriak dira. Kotxerik ez, frankizia ezagunen dendak, ostalaritza klonikoa, antzeko argiontzi historizistak, ustezko betiko artisautza, bideo zaintza intentsiboa, auzokideen bizitzaren arrastorik ez, terrazatxo sinpatikoak… Parke tematikoak dira, erosoak, seguruak, estereotipatuak, faltsuak, atseginak. Turistalandiak.
Historiaz hustu dituzte auzo zaharrak negozioen mesederako. Horregatik deitzen zaie orain “hiri historikoak”. Manuel Delgadok azaldu du hiriaren erdian interbentzio sakonen ondorioz “historia estaltzen da, hau da, bizitza erreala, bere gatazka eta miseriekin”.