Desgaitasuna dutenei arreta eskaintzen dieten langileak greba mugagabean

Euskalerria Irratia 2014ko maiatzaren 2a

Greba mugagabean desgaitasuna duten herritarrei arreta eskaintzen dieten langileak.

Greba mugagabea hasi dute desgaitasuna dutenei arreta ematen dieten egoitzetan. Aurretik mobilizazioak, lanuzte partzialak, egun osoko grebak egin dituzte. Gaurtik aurrera, amaiera jakinik gabeko greba.

Urte eta erdi daramate hitzarmena negoziatzen. Desadostasunak nabariak dira, enpresen eta sindikatuen artean. Sindikatuak saiatu dira azken unera arte jarrerak hurbiltzen, lanuztea saihesteko, baina ez da posible izan.

Soldatak eguneratzea eta hitzarmen berria blindatzea nahi dute, enpresek uneoro beteko dutela ziurtatzeko, azken urteotan hainbat puntu ez baitituzte bete. Hiru enpresa dira: Sar Quavitae, Aspace eta Adacen.

Hitzarmen duinaren alde

Negoziazioak geldirik daudela adierazi dute gaurko mobilizazioan, baina, Aspaze enpresak jarrera aldaketa bat izan duela ere esan dute, prestutasuna agertu baitu hitzarmenaren inguruan hitz egiteko.Dena dela, arazorik handienak Sar Quavitaerekin izaten segitzen dute, ez aurrera ez atzera baitabil. Gaur ekin diote greba mugagabeari langileek. Jarraipenarekin kontent azaldu da Iban Perez, zentro horietako langilea eta LAB sindikatuko ordezkaria.

Jokoan langileen soldatak eta lan baldintzak daudela nabarmendu du. Horregatik, hori lortu arte grebarekin jarraitzeko asmoa dute.

Sektorean 800 langile ari dira, 13 zentrotan eta 450 erabiltzaileri eskaintzen diete zerbitzua. Hitzarmen duinaren alde ari gara borrokan, zioen pankartak gaur Iruñeko udaletxe plazan. ELA, LAB, Comisiones Obreras, UGT eta Solidari babesten ari dira greba.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!