Fiarek, Udalbiltzak eta Herrikoak hitzarmena sinatu dute gaur. Argazkia: Udalbiltza.
Udalbiltzak Pirinioetako eskualdeen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko egitasmoa jarria du abian: “Euskal Pirinioetan lan eta bizi” du leloa. Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ehun eta hiru udalerri hartuko ditu proiektuak. Eragin, Elgarrekin eta Garapen Soziala izeneko programak abiatu ditu Udalbiltzak. Hogei programa guztira. Dirutan, 120 mila euro. Eta hurrengo hilabeteetan aterako ditu Nazio auzolanerako deiadarra eta Pirinioak sendotzen egitasmoak.
Horiek guztiak gauzatzeko, lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Udalbiltzak Fiare Banka Etikoarekin eta Herrikoa arrisku kapitaleko sozietatearekin.
Hitzarmena sinatu dute gaur
Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez Udalbiltzak bultzatutako “Euskal Pirinioetan lan eta bizi” proiektuaren barruan, diru-laguntzak emateko hiru programa jarri dira abian. Modu horretan, Udalbiltzak Fiare Banku Etikoarekin eta Herrikoa arrisku kapitaleko sozietatearekin lankidetza hitzarmen estrategikoa sinatu du gaur. Ekainean jakinaraziko dute nork jasoko duen diru-laguntza, hala esan du Igor Aldalur Kontseilu orokorreko kideak. Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruaren ustez gainera Euskal Herriko eremu kaltetuenen garapena bultzatzea da xedea eta guztion ahaleginak batzea garrantzitsua da.
103 herrri hartuko ditu proiektuak
Herrikoak, arrisku kapitaleko sozietateak, hamar urteko ibilbidea du. Orain arte Iparraldeko ekonomia sustatuz, 3.000 lanpostu sortu ditu eta 10 milioi euro inbertitu 300 enpresatan.
Gaur sinatutako proiektuan parte hartzea ere garrantzitsua da Marie-Claire Sallaberry arrisku kapitaleko sozietateko zuzendariarentzat.
Interesgarria era berean Fiare Banku Etikoarentzat ere. Finantziazioa eskaintzeaz gainera inplikazioa ere badakarrelako.
Ekainean jakinaraziko dute nork jasoko duen laguntza
Pirinioen garapenerako proiektu horretan 66 proiektu aurkeztu dira, 47 egitasmo berriak dira. Erakundeak, gizarte eragileak, gizabanakoak eta enpresak daude sustatzaileen artean. Proiektu horiek enpresa jarduerei bideratuak eta proiektu sozialak dira, gehienak, lehen sektoreari eta tokiko garapenari lotutakoak.