Ate birakarien fenomenoa Hegoaldeko politikan ere ezaguna dugu. Sarritan pasatu dira hainbat pertsona kargu publikoetatik enpresa pribatuko zuzendaritza edota administrazio kontseiluetara, eta horren adibide argia dugu Josu Jon Imazena. EAJtik Petronorrera, eta handik REPSOLera egin du jauzi politikari gipuzkoarrak, enpresa multinazionalaren lehendakariaren konfiantzako gizona izendatu berriak.
Repsol Mata plataformak salatu duenez, ardura larriak ditu konpainia honek hainbat kontu kezkagarrietan, gehien bat Hego Amerikan: uren kutsadura, pribatizazio irregularrak, osasunerako kalteak, giza eskubideen bortxaketak, frackingen aldeko apustua, klima aldaketarekiko jokabide arriskutsua...
Horietan guztietan parte hartuko du orain gure gizonak. Euskal ekonomiarako probetxugarri moduan aurkeztu nahi izanen digute batzuk, aurreko guztia estaliz, garrantzirik ez balu bezala. Eta gutako askok sinistu ere eginen dute, Athletic kuttunarentzako ogi-apurrak ere banatuko dituelakoan, agian.