Ez naiz batere originala izango. Maiatzaren 2a izanik, hots, Maiatzaren Lehenaren biharamuna, honezkero asmatu duzue, Langileen Eguneko argazki bat dela aukeratu dudana; nire lagun apolitikoek mespretxuz azpimarratzen duten bezala urteroko manifestazio erritual horietakoa. Beraz, ageri dira pankarta bat, ikurrin batzuk, sindikatu baten siglak daramatzaten banderolak, eta jendea, ibilian, eta oihuka aritzeko keinukeraz.
Baina, era berean, argazki honek badu berezitasunik. Izan ere, pankarta arrunten aldean txikia da irudikoa, haurrentzakoa bezalakoa. Eta hain justu, haurrak dira pankarta daramatenak, hamar bat neska-mutiko polit. Alegia, manifaren barruko manifa da: manifaren bertsio infantila, tarteka Mihiluzerekin edo Master Chef-ekin egiten dituztenak bezalakoa.
Eta argazki horrek nire lagun apolitikoak ekarri dizkit berriro akordura, nola hainbatetan entzun diedan gaitzesten haurrak manifestazioetara eramatea. Umeak erabiltzea, politizatzea, ideologizatzea, manipulatzea omen. Alferrik saiatu izan naiz esplikatzen Maiatzaren 1eko manifa batera inoiz ez eramatea ere berdin-berdin dela haurrak erabiltzea, politizatzea, ideologizatzea eta manipulatzea. Edo futbol partida batera eramatea. Eta askoz ere inofentsiboagoa iruditzen zaidala 'Etorkizuna geurea da' jartzen duen pankarta Osasunaren, Realaren, Athleticen, Alavesen edo Aviron Bayonnesen banderola baino. Ez entzunarena egiten didate, ero bati bezala.