Iruñeko Bigarren Zabalguneko kafetegi dotore batean bikote hori euskaraz ari zen Carlos III ibilbidearen goiko aldean, Caídos por la Patria-ren omenezko monumentutik ez urrun, gaur amaitzen den apiril honetako egun euritsu batean. Bikoteak kafetegiaren sarrerako ontzian euritako beltz bat utzia zuen.
Gara eta Berria egunkariak zekartzan bikoteak Diario de Navarra eta Diario de Noticias ere begiratzeko aprobetxatu zuen, gizonak kafe hutsa hartu zuelarik; emakumezkoak, kamamila kruasan batekin batera. Egunkarietako albisteak aletu ahala, bikotearen euskarazko iruzkinek urratzen zuten kafetegiko giroa, irriak eta hitz joko ulertezinak tarteka-marteka. Lau egunkariak ikusi eta horrekin nahikoa ez; kafetegian dohainik jasotzen diren baina inork gutxik irakurtzen dituen El País eta El Mundo ere gainbegiratu zituen bikoteak. Antza, kanpo aldean euria barra-barra ari zuenez, egonaldia luzatzeko ahaleginetan Madrilgo egunkari horiei ekin zien bikoteak. Euskarazko komentario gehiago, hasperenak eta barre ozenak ere El Mundo-n irakurritako zerbaiten haritik. Eta dena euskaraz. Hori gehiegizkoa zen. Mendekua hartu beharra zen.
Aukitik altxatu eta ate aldera abiatu nintzen; ate ondoan zengoenez, bikotearen euritako beltza hartu eta kalera atera nintzen. Bikote euskaldunaren euritako beltza zabaldu eta zaparradatik babestu ninduen, baina ez gehiegi, pixka bat apurtuta zegoelako. Behingoagatik lapurtzen dudala euritako bat, eta erdi-hautsita dagoen aterki txiki bat hartzea ere... Jendeak begiratzen zidala iruditu zitzaidan, baina kontzientzia txarrak erasotzen zidala pentsatu nuen, jendeak ezin baitu jakin lapurtu berri niela euskaldun horiei euritakoa. Are, auzokide eta ezagun batzuek harriduraz begiratzen zidatela iruditu zitzaidan; baina ez, ezin izanen zuketen asmatu, mila urtez bizi izatera ere, ni bezalako gizon serio batek, familia oneko gizon batek, ebatsi berria zuela euritako bat. Zergatik begiratuko zidaten arraro, bada? Nire paranoia izanen zen, noski.
Nolanahi, euritakoari esker ez nintzen gehiegi busti, eta etxera ailegatzerakoan, Caidos por la Patria-ren omenezko monumentu erraldoitik ez urrun, mendekuaren gozoa nabaritu nuen; ni piska bat bustitu banintzen, nola egonen zen bikote euskalduna! Busti-blai goitik behera! Eta irribarre batek argitu zidan bisaia. Etxean, euritako bustia non utzi pentsatu nuen: hoberena, komunean, bainuontzian zabal-zabalik uztea. Horixe egin nuen, eta aterkia zabaltzean ikusi zuen, beltzaren gainean zuri, Euskal Herriaren mapa eta bi geziak, Euskal Presoak Euskal Herrira logoa, euri tantekin dirdiratsu. Eta horrek goibeldu zidan bisaia. Behingoagatik euritako bat lapurtzen dudala... Euritako beltz ziztrin horrekin zer egin ez dakidala ibiltzen naiz azken asteotan.