Zaila da ezetz esatea, baietz? Ikusten?, askoz errazagoa da arrazoia ematea, aurrean daukazunaren ilusioa ez zapuztea, bere usteen kontra ez jartzea, kale ez egitea, eta, azkenean, ez askorengatik bai esaten dugu askotan. Beste kultura batzuetan, ez esateko modu leunagoak dituzte, Txinan, adibidez, aurrekoan irratian entzun nuenez, “beste batean” esaten dute gonbidapen bati uko egiteko. Gatazkari beldurra diogu, eta hori unibertsala da, baina baita ezetz esateko beharra ere, modu leunez edo lehorrez. Autodeterminazioaren lehenengo adierazpena da: honaino zure nahia, hemen nirea, gatazka egon ala ez, zeren ez da zertan egon. Baina hausnarketa sakonetan sartu baino lehen, nire lagun Izarori buruz hitz egin nahi nizuen, berak eman baitdit honetaz hitz egiteko aitzakia.
Izaro egunak motz gelditzen zaizkion pertsona horietakoa da. Mila saltsatan sartuta beti, mila jarduera, mila lagun, mila konpromezu. Eta hori gutxi balitz, idazten du. Hori da gehien maite duena. Ezin imajina dezaket idazle bat bere txokoan bakarturik ez bada... Nola da posible? Nondik ateratzen ditu orduak? Loari kenduz, esaten dit, irribarrez. Eta pixka bat haserretzen naiz berarekin: denbora gehiago eskeini beharko zenioke zure pasioari, beste gauza batzuk utzi. Eta esaten dit idazteko bizi egin behar dela.
Baina onartu ere onartzen dit gauza askori uko egin behar zaiola bakar batzuk egiteko, ezin dela denetara iritsi, eta badoa ezetzak ematen ikasten. Ikasi du, adibidez, ezin duela atsegin dituen plan guztietan parte hartu, gustoko dituen pertsona guztiekin egon, liburu guztiak irakurri, bihotza ikutzen dioten auzi guztiekin konprometitu... Aspaldian ikasi zuen gaizki iruditzen zaizkion gauzei ezetz esaten, kalte egiten diona baztertzen, eta hori ere ikasi beharra dago, baina askoz ere zailagoa da interesatzen zaizuna alde batera uztea.
Arazo hau dauka Izarok: askotariko interesak ditu. Den denak interesatzen du. Eta gustoko ez duena ere gustatzea nahi du. Nahikoa da beste pertsona bat gozatzen ikustea berak ere gozamen mota hori frogatu nahi izateko. Hain zabala da mundua, hain anitzak pertsonak, hain gustagarria bizitza! Horrelakoak entzuten dizkiot, baina gero eta gehiago neurriak hartzeko beharra ere. Neurriak, mugak, ezetzak.
Eta ikusi dut plan zoragarriei uko egiten, lagunekin eta hain lagunak ez direnekin negoziatzen, gero eta gehiago autodeterminatzen.
Eta azken pausoa iritsi da, iritsi behar zuen eta. Esan dut jada, idaztea dela bere pasioa. Urteak daramatza lan isil horretara ahal duena ematen, eta aukera izan duen jarduera literario guztietan parte hartzen: aldizkari honetan eta bestean argitaratzen, emanaldiak eta tailerrak antolatzen, tertuliatan parte hartzen. Ikasi du horietako batzuk alde batera uzten, baina orain arte, inoiz, inoiz ez du norbaitek zerbait idazteko eskakizunari uko egin. Hori delako gehien maite duena, horretarako beti prest dagoelako. Gaur arte, diot, gaur ezetz bat idazten ari delako, oso gustura idatziko zuen zerbait idazteari lehenengo ezetza.
Hainbeste maite duen bizitzak ez duelako denetarako ematen, eta maitasuna egiteko behar delako espazioa, denbora, konpromezua, baietza, eta bai benetako batek, ez batzuk dakartzalako ezinbestean. Gatazka orduan da zailena, barruan jokatzen delako, norberaren alderdi kuttunenen artean, eta norberak borrokatzekoa. Zer da benetan egin nahi duzuna, noraino, zeren kaltetan? Eta Izarok ikasi du, hainbeste ez esan ondoren, bai txiki bat barnean entzuten, eta ez horiek guztiek indartu egin dute ahots apal hori, hainbeste gauzetan aritu, esperimentatu, irabazi eta galdu ondoren, bere baietza, benetako eta berezko ahotsa.
Eta badakizue? Bai indartsu horrek jokatu du benetako borroka, eta esan beharreko ez guztiek ez diote gatazkarik ekarri, ez besteekin ez bere buruarekin, talde berean jokatzen dutelako, aukeratzen duzunaren balioan dagoelako bazterrean utzi behar dena ere, egiten dena eta egiten ez dena esfortzu beraren bi aldeak direlako. Eta arestian esandakoari buelta emanez, bai bakar batengatik, ezetz esan behar dugulako askotan. Gatazka ez delako zertan egon, askatasuna, norberaren aukerak eta besteenak, autodeterminazioa benetan errespetatuko balitz.