Donostiako egunkari batean aurkitu dut gaurko argazkia: azala betetzen du ia-ia osorik. Donostiako udala osatzen duten talde politiko guztiak azaltzen dira bertan: ezkerrekoak, eskuinekoak, abertzaleak, españolistak… denak. Aho batez hitzartu dute batera azaltzea, alderdikeria ororen gainetik, bi mila eta hamaseiko hiriburutzaren alde, egoera kritikoan dagoen kultur hiriburutzaren alde.
Donostiatik ikastea dugu denok… ikasi nahi badugu, zurikerietan ez bagabiltza behintzat. Balentria handien beharra du herri honek, zurikerien botila nahikoa beterik du-eta.
Langabezia, euskara, Euskal Herriaren barne eta kanpo artikulazioa… badira gaiak elkarlana eta batasuna erakusteko. Eta izan, badira garaiak elkarlan hori eta batasun hori erakusteko.
Horren premia badu herri honek. Badugu denok. Alderdienganako konfiantza berreskuratzeko. Gure buruarenganako konfiantza berreskuratzeko.