Langileok badugu zer ospatu eta langabetuek badute zer salatu. Aldarrikapena, aldiz, berbera izanen dugu: duintasuna bermatzea, herritarron eskubideak lanaren arloan ere bermatzea eta, oro bat, aukera eta eskubide berdintasunaren arerio diren politika ekonomikoak salatzea.
Makina bat urte daramat ELA sindikatuan afiliatua. Autonomoa izan naiz urtetan; egia esan, autonomo faltsua, hots, existitzen diren tranpa legal horietako batean harrapatutako langilea izan naiz urtetan. Sistemaren parte eta sistemaren sostengu. Sekula, zorionez, ez dut behar izan sindikatuaren laguntzarik. Duela bost bat urte, edo gehiago agian, sindikatuko ordezkari nagusietako batekin topo egin eta nere bazkidetza bertan behera uzteko asmoa azaldu nion.
Maria, pentsatu ongi, garai zaila baina zailagoa datorkigu orain, eta datozen urteak gogorrak izanen dira. Inoiz baino beharrezkoagoa zaigu eustea eta elkartasuna adieraztea. Arren, manten ezazu bazkidetza.
Eta hortxe, kieto, mantendu nintzen eta hementxe jarraitzen dut, garaiak zailtzen etengabe, langabetu kopurua hazten etengabe eta hilero kuota ordaintzen, eten gabe.
Sindakatuen lana, hots, UGT eta Comisiones Obreras ez diren sindikatu nafarren lana hagitz konplikatua da. Argi daukat. Baina, eragile ekonomiko edota sozioekonomiko izatetik haratago, askotan ere eragile politikoaren papera hartzen dute sindikatuek eta horretan, nik beste kuota bat ordaintzen dut, alderdi politiko batean. Hortaz, maiatzaren lehena jai eguna dudala aprobetxatuta, hausnarketa sakona eginen dut, bakoitzak bere eginkizuna zer neurritan betetzen duen baloratzeko eta erabaki bat hartzeko. Hori bai, Elkartasun osoz.