2013an, 12 supermerkatu berri ireki omen ziren Nafarroan, eta urte hori bukatzean 360 supermerkatu genituen jada Foru Erkidegoan. 2000. urtean zeudenen bikoitza. Nafarrok badugu non erosi.
Baina aurki horrek badauka ifrentzua. Jende asko baitabil Nafarroan ezer ezin duela erosi supermerkatu horietan guztietan, eta halakoek, 360 supermerkatu horietan erosteko sosik ez dutenetako askok, ongintza eta kariteatearen eskutik jasotzen dituzte jatekoak. Idazkun distirantik edota apalategi erakargarririk gabeko tokietan. Zer nahi duten erabakitzeko aukerarik gabe.
Janari-banaketa duinago-edo bihurtzeko, supermerkatu sozial bat jarri nahi dute Barañainen bertako elkartasun-elkarteek, San Adrianen jada abiarazitakoaren antzerakoa. Barañainen, 450 laguni banatzen baitzaie jana. Horiek ere merezi dute jakiekin batera Nafarroako 360 supermerkatu arruntetan saltzen duten duintasunetik pitin bat bereganatzea.