Begiak txiki, malkoak isurtzekotan, ahoek garrasia marrazten duten bitartean; eskuak buruan ditu emakumeetako batek, harridurak eta saminak bat egiten duten keinu horretan; beste batek parean leukakeen zerbait apartatzeko imintzioa egiten du eskuineko eskuaz, eta hirugarren batek, bi besoak alderik alde zabalik ditu, ikusi ez baina sumatu, sumatzen den izugarrikeria erakutsi nahian.
Emakumeen jarrera, nola esan, esajeratua da gure begietara. Negartiegia, gain-aktuatua esango lukete antzerkian. Mendebaldean, herrialde –kakotxak- zibilizatuetan, samina diskrezioaren errezelarekin lausotzen saiatzen gara jendaurrean, zer esanik ez kamerak piztuta daudenean. Ez zaizkigu mainontziak gustatzen.
Emakume horien negarrak ez dira, ordea, merkeak. Begi aurrean daukaten izugarrikeria da epaile batek heriotza zigorra ezarri diela 720 ekintzaile islamistari, han, Egipton. 20 minutuko saioan eman omen du ebazpena epaileak, bi segundo ere ez heriotza zigor bakoitzeko… Emakumeen garrasiak segundo horien eta eternitatearen arteko amildegia betetzen du.