Aitor Etxarte: Maiatzaren lehena

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 28a

Ematen du garai honetan dena behin-behinekoa dela, tradizioak ezin ditugula eraldatu, etorkizuna ezin dugula asmatu. Askatasun materiala nagusitu da. Berdintasuna eta anaitasuna eduki susmagarriak dira aspaldi. Kontaketa handiek ez omen dute tokirik gure artean.

Literaturatik Maiatzaren Lehena bizitzeko bi proposamen.

“La Comuna de París” Louise Michel emakume bikainak idatzi zuena. Maistra, matxinatuen erizaina, soldadu, kazetari eta propagandista, hizlari, idazle, kanaka edo argeliar herrien laguna. Kideen heriotza krudelak bizi izan zituen, kartzelaratu zuten, deportatu, erbestea ezagutu. Liburua historikoa eta autobiografikoa da, emozio sakonez josia, poetikoa eta politikoa, handikien zapalkuntza eta langileen itxaropenaren narrazioa osatzen duena. Bizitza askerako aldarrikapena egiten du:“Mundu berriak jendarte librea elkartuko gaitu, eta orduan izaki bakoitzak bere toki propioa edukiko du.”

“Apirila” Iñigo Aranbarrik idatzi du. Gaur eguneko langabezia, hondamena eta errepresioak iraganarekin lotu ditu. Esteban oraingo langilea eta Esteban 1766an apirileko gose matxinadaren bueltan Peñafloridako konde ilustratua ezagutuko zuena. Herritarren miseria erdian Suitzatik ekarritako sagu letoizko mekaniko garestia erakutsiko diona esanez: “Ikusten, Esteban? Mundua ere horrelaxe dabil. Giltza duena bestearen ibilbidearen jabe da”.

Mundu berrien ametsak, nor bere giltza izateko garaiak lortzeko. Hori gogoan J.B. Clémentek, Comunaren azken barrikadan maiatzaren 28an, lehertu zen neskari eskaini zion kanta ezaguna: Gerezi aroa gustuko izango dut beti/ garai horretatik bihotzean gorde dut/zauri irekia./Eta eskaini zitzaidan fortunako damak,/ez zuen nire mina lasaituko./Gerezi aroa gustuko izango dut beti,/ eta nire bihotzak gorde duen oroimena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!