41 hautagaitza izanen dira guztira Europako maiatzaren 25eko hauteskundeetan. Nafarroan aurkezpenak hasi dituzte batzuek eta besteek. EAJk, EH Bilduk eta Ezkerrak jarri dituzte mahai gainean euren proposamenak. Bakoitzak bere bidea hartuko du, bakoitza talde baten baitan ariko baita lehian: EAJ Europarako Koalizioa taldean joanen da, EH Bildu Herriek erabaki taldean eta Izkierda-Ezkerra Ezker Anitza taldean.
Europarako koalizioa
Izaskun Goñi EAJko bigarren hautagaia da. Argazkia: EAJ
EAJrekin Nafarroako interesak ordezkatuak izanen direla esan du EAJko hautagai Izaskun Goñik. PP eta PSOEren alderdi-bitasunaren aurrean, aukera erreala izan nahi du EAJk Europarako Kolaizioaren baitan. Goñi EAJren bigarrena da hautagai zerrendan eta uste du, boto baliagarria dela euren alde egitearena. "Nafarroan 100 urte darama EAJk, asko egin du erkidegoaren interesen alde", adierazi du Goñik. Federalismoaren eta deszentralizazioaren alde eginen dutela nabarmendu du gainera. "EAJ ez da eskuineko alderdia, EAJ ez doa Europako Partido Popularrarekin, baizik, Europako alderdi demokratikoekin".
Herriek erabaki
Maite Iturre eta Miren Aranoarekin izan da EH Bilduko hautagai, Josu Juaristi.
Josu Juaristi izanen da EH Bilduko hautagaia Europako hauteskundeetarako. "Pertsonen eskubide eta askatasunak beste helburu guztien gainetik jarriko duen Europa aldarrikatuko dugu", adierazi du. Izan ere, xedea, pertsonen Europa eraikitzea da Bildurentzako. Bruselan zein Estrasburgon euskaldunok hitza izatearen garrantzia nabarmendu du, bi toki horietan hartzen diren erabakien araberakoa izaten delako herritarron ongizatea Juaristiren ustez. Hortaz, herrien eta herritarren erabakia eta Europa ezkertiar eta soziala aldarrikatuko ditu EH Bilduk. Horrez gain, Europara eramanen duten bestea, Euskal Herrian bake prozesua eraikitzen ari dela, nahiz Parisetik eta Madrildik trabak izan.
Ezker Anitza
[caption id="attachment_112060" align="alignleft" width="165"] Ezker Anitza taldeko Nafarroako hiru hautagaiak. Argazkia: Ezkerra.
Ezker Anitza taldean batu dira ezkerreko alderdi hainbat. Indarrak batu dituzte aldaketarako giltza izateko asmoz. Erronka handia dute aurretik. Orain arteko erabakiei aurre egitea adibidez. Jendearekin bat, jendearekin boterea leloa eramanen du taldeak. Horixe baitu helburu Europan. Gauzak egiteko modua aldatu; Kapitala politikaren muinean jartzetik, pertsonak jartzera pasatzeko aukera. Nafarroatik hiru izanen dira talde horretan hautagai: Maite Mola, Milagros Rubio eta Javier Barinaga.