Nafarroaren onurak asko dira; hori ez da berria. Nafarroa bizitzeko toki aproposa badela jakin bagenekien, eta zahartzeko toki egokia dela ere frogatua dago.
Hori bera ziurtatzen du gaur osasungintzaren honetan aditua den profesional batek egunkarian. Zahartze aktiboa sustatzearen beharraz aritzen da eta, horren ildotik, baieztapen interesgarria egiten du: poteoa osasungarria da. Eskerrak.
Izan ere, gure komunitate honetan bizikidetza ahalbidetzeko, sustatzeko eta indartzeko daukagun tresna bakarrenetakoa baita. Honez gero ez dago aitzakiarik. Poteoa, txikiteoa praktikatu behar dugu, gure osasun fisikoaren kontrakoa ez baita eta gure osasun psikikoa hobetzeko bereziki gomendagarria baita. Jakina, neurria hartu behar zaio poteatzeari ere. Zuritoak hartzeko dio adituak. Tira ba, zuritoak eskatuko ditugu. Eta bitartean gure burua arinduko dugu, ondokoarekin eztabaidatzen, hori baita kirol nazionala gure artean, gure honetan.
Etxetik irtetera behartzen zaitu, mugitzera azken batez. Eta kalean barna gabiltzala, tabernatan murgilduak, jendarte honen arazo nabarmenenei neurria hartuko diegu. Guretzat berebiziko garrantzia duen horrek, ondokoari bost axola zaiola frogatuko dugu. Baina, bostgarren zuritoarekin ondorio batera helduko gara elkarrekin: Nafarroa bizitzeko toki bikaina da, zahartzeko toki ideala, baina horrela izaten jarraitu behar badu, hobe dugu datorren urteko hauteskundeetan emanen zaigun aukera bakarra ongi aprobetxatzea, Komunitate zoragarri hau kudeatzen duten kakanarruak erretiratu eta poteatzen has daitezela eskatuz, kalean, tabernan, herri honen errealitatetik edan dezaten behingoz.