Seguru asko tranpa apur bat ere badago argazkian. Bertan ageri den gizon sailetik lauk bakarrik daramate kamuflajezko jantzia; besteek txamarra eta txano arruntak dituzte soinean, baina lau horien irudiak irabazten du talde osoa.
Adinean eta itxuran lau uniformedunak trokelean eginak dira, gazteak eta sendoak; besteetan adinaren bataz bestekoa igo egiten da. Begiradaren gogorrak uniformatzen ditu denak.
Argazkiak asko du antigoaletik. Lasai asko izan zitekeen duela ehun urte I Mundu Gerra izango zen hartara joan zirenena. Baina egun hauetakoa da, Ukrainako Luhansk hirian ateratakoa.
Orri batzuk barrurago, egunkariaren ia bukaeran, bada begirada gogorra erakusten duen beste gizon talde bat. Haietako bik north face-n aurreko mendizaleek bezala, praka barrenak galtzerdietan sartuta daramatzate. Eklektikoak dira jantzian, baina badute 36ko gerrako gudarien edo II Mundu Gerrako erresistentziakoen ukitu bat. Kherau taldea da.
Iñigo Astizek kontatzen du erreportajean lehen kantan aipatzen dutela 36ko gerra. Eta ba omen dute beste kanta bat, futurista: “Laumilagarrenetik” izenburua. Eta hitzak hauek: “Lehen hezur ta azal/orain bi zenbaki/erreparatu arren/zeruko izar bati/arima zer ote zen/gaur inork ez daki”.
Zer pentsa utzi nau.