Santi Leone: "Espainiako unibertso paraleloan, kontsultak eta gizarte-politikak kontrajarri behar dira nahitaez"

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 15a

Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa (audioa behean):

Unibertso paraleloak

  1. Elkarrizketak 140 karakteretan sailera Marisa Gutierrez Rodriguez @marisalifestyle-ren hitzak ekarri ditu Diario de Noticiasek, Alberto Guzmanen eskutik, eta elkarrizketatuak ezin argiago utzi digu dena: lifestyleguide eta coolhunterizateaz gain, branding-a egiten dio bere buruari, eta ezin du vintage-a jasan. Ulertu dudan pasarte batean erran du luxua dela saltzen dena eta jendeak maite duena, baina gero jendeak ahal duena erosten duela. Hara!, nork erran behar zigun guri 140 karakteretan tamaina horretako ergelkeria kabitzen zela?
  2. Pablo Zalba PPren zerrendan izanen da Europako hauteskundeetan. Politikarien unibertso paraleloan, legea aldatzeko dirua onartzeak ez du inolako ondoriorik. Edo bai: dirua onartu duen politikaria saritua izanen da. Eroskeria saio hartaz geroztik, Pablo Zalbak etikaz idatzi izan du Diario de Navarran, eta lasai-lasai egon zen Roberto Camarak egin zion elkarrizketa-masaje honetan. [youtube]http://www.youtube.com/watch?v=LLLmXPbA4rU[/youtube]
  3. Bertze elkarrizketa bat: Jose Maria Aznarrekin solasean aritu dira El País egunkarian, eta Espainiako presidente ohiak adierazi du neketan lortzen duela ogia zintzoki irabaztea; bertzalde, Adolfo Suarezek ez bezala, berak ez omen du nahi ez hilarririk, ez hilartitzik, ezta historiara pasatu ere. Ez dakigu hori guzia espainol garbian erran zuen edo, bere unibertsoan egiten den bezala, Texasko gaztelaniaz
  4. Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niñori ez dakit elkarrizketarik egin dioten; irudirik ez diote hartu, eta iduri du epaitu ere ez dutela epaituko, haren delitu guziak preskribitu direlako. Beharbada egia da heriotzak denok berdintzen gaituela, baina torturak, Espainian behinik behin, ez, biktimak eta borreroak mundu diferentetan bizi baitira.
  5. Asteburuan, Iruñean omenaldia egin zaie frankismoaren biktimei. 36ko gerra bukatu zenetik ia-ia 80 urte pasatu diren arren, oraindik ez dakigu hildako batzuk non dauden lurperatuak; eta benetako memoria eraiki gabe dagoelarik, anitz dira errebisionismoa egiteari ekin diotenak.

    Asteburuko omenaldia
  6. Ana Pastorrek ICVko Laia Ortizi egin zion elkarrizketa, eta, bertzeak bertze, galdegin zion Kataluniako kontsultaren aitzakian ez ote garen pobreziaren auzia estaltzen. Galdera hori modu anitzetan egin liteke, baina, Espainiako unibertso paraleloan, kontsulta eta gizarte-politikak kontrajarri behar dira nahitaez.
  7. Infernuan, bada toki berezi bat, eta bizi honetan arrunt gaiztoak izan direnak hara igortzen dituzte, Euskal Herriari zer izen eman behar zaion eztabaida dezaten: infernuko zoko hartan Egigurenen liburuaren ale bat jaso dute dagoeneko.
  8. Iñigo Aranbarrik bi istorio paralelo aurkeztu digu bere azken eleberrian, Apirila-n.
  9. Apirila du izena Aranbarriren nobelak, eta apirilean izanen dugu literaturarekin lotura duen bertze ekitaldi bat: Sarako azoka, apirilaren 21ean.
  10. Eta, urtero bezala, sanferminetako kartelen inguruko eztabaida piztu da, sanferminek bai osatzen baitute benetako unibertso paraleloa. Eta, sanferminetan, ez dakit zer pasatzen den baina jendea hasten da dantzan sarritan, eta batzuk kanta horren leloa ingelesez kantatzen. [youtube]http://www.youtube.com/watch?v=qK08m6YdkjE#aid=P8KCiicaDxQ[/youtube]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!