Edurne Elizondo: Memoria

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 14a

Beratarra naiz, eta duela hainbat urte jakin nuen nire herriko hainbat errepide Francok preso hartutako gizonek eraiki zituztela. Behartuta aritu ziren lanean, baldintza izugarri kaskarretan. Ogi puska baten truke. Esklaboen gisa. Bide horiek ezin ditut jada lehen zapaltzen nituen bezala zapaldu. Haien gainean egiten dudan urrats bakoitzak aspaldi isilarazitako ahotsen oihartzuna ekartzen baitit burura. Gogora. Bihotzera.

Josefina Lambertorena egungo ahotsa da. Baina aspaldikoak ere ekartzen dizkigu denoi burura, gogora, bihotzera. Aita eta ahizpa hil zizkion 1936ko gerrak leherrarazi zuen errepresioak. Maravillas zuen ahizpa Josefinak, niretzat, denontzat, beti Larragako lore izanen dena, Fermin Valentziaren kantuari esker.

Duela hainbat aste Josefina ikusi nuen telebistan. Ez ditut gogoan erran zituen hitz guztiak. Baina gogoan dut, eta ez zait erraz ahaztuko, hitz bakoitzarekin erakutsi zuen duintasuna. Duintasuna. Oraindik ere memoria ukatzen dutenek ezagutzen ez duten hitza.  Are okerrago. Memoria suntsitu nahi dutenek egunero desitxuratzen duten hitza. Memoria akabatu nahi duten horien hotsak eraman ditzala haizeak. Urrun.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!