Aitor Etxarte: Egun moreak

Euskalerria Irratia 2014ko api. 14a, 12:24

More iluna. Dena ohikoa da, errepikatua, errutina. Berriro ere manifestazioan fikziozko narrazio ezagunaren irudi higatuak. Gezurrezko legionarioak, zaldiak eta gorotzak, argizari tantak zorua markatzen, mozorro susmagarriak, danbor zarata krudela, Cruzada Santua egin zutenen ondorengoak, sotanaren azpikoa eta kanpokoa zikinak dutenak, haur kantari zerutiarrak. Eta, arreta handirik gabe, garagardoa eskuetan segizioa pasatzen ikusten dutenak.

Berriro ere, beti negarrez ari den ama baten irudi krudela, torturaren apologia gurutzean biluzik, lurrera begira eta oinutsik diren gizonezkoen egun bakarreko menpekotasun sinbolikoa, kaputxadun emeak gizonarena egiten, mantiladunak emakumearen antzezten.

Berriro ere, Nabarreria auzoaren kaleak okupatu dituzte erramu eta olibondoko adaxkaz, oihal morearen barruan edo Serrano kalearen itxuraz, familia anitzez inguraturik eta bakarka, jai egunetarako janzkeraz hegoamerikarrak, Iruñeko betiko bertakoak edo opus deiri esker bertakotuak.

Berriro ere, azken ehunka urteak bezala, ustezko nagusitasun morala erakutsiz, espiritualtasunaren maila gorenaren adibide direla esanez, salbazioaren bidea seinalatuz, balore bakarrak beraienak direla aldarrikatuz. Hori bera egin zuten kale hauetan ere 1936ko uztailaren aurretik eta ondoren.

Bertrand Russellek esana du: “Protestanteak zintzoak izatea dute gustuko eta horretarako sortu dute teologia. Katolikoak, aldiz, nahiago dute gaiztoak izan eta teologia auzo lagunak zintzotzeko erabili.”

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!