Aurreko batean, OPUSeko Unibertsitateko irratitik elkarrizketa egin zidaten, bertsolaritza zer den azaltzeko, gazteleraz. Eta duda askoren ostean, baietz esan nien, elkarrizketa eginen nuela. Izan ere, erdal mundilloari euskal unibertsoa hurbiltzeko halako betebehar moral bat sentitzen dut nik, nonbait. Eta hor hasi zen galdeketa. Ezin okerrago. Honako hitzak bota zizkidan irratiko esatariak: “Aurtengo bertso txapelketa berezia izan da, ezta? Izan ere, frantses batek irabazi du Euskal Herriko txapela. Eta hori oso gauza kuriosoa da”. Berak frantses deitutakoa Amets Arzallus zen. Ni zur eta lur geratu nintzen, baina zuzeneko emisioan ginela telefonoa eskegitzea keinu itsusiegia iruditu zitzaidan. Hor ibili nintzen, azaldu nahian ezetz, ez zela frantsesa, bera euskalduna zela, gu geu bezalaxe. Eta hurrengo galdera ez zen hobea izan. Hara zer esan zidan: “Nola da posible zuek hemen, Nafarroan, País Vascoko artea den bertsolaritza praktikatzea?” Eta ni hitz totelka, azaldu nahian ez dugula inondik inportatu, gurea ere badela, hau Euskal Herria dela, eta halako potolokeri jakinak, baina OPUSeko ikasleentzako proetarren esaldi arraroegiak. Horren guztiaren ondoren, gaizki sentitu nintzen. Gaizki erdal mundilloari hurbiltzeko saiakera trakets eta absurdoarengatik. Inuxenteegi, zuzeneko elkarrizketa onartzeagatik. Eta pentsatzen dut erdal munduarekiko zenbat etengabeko hurbiltze saiakera egiten ditugun, eta nola hutsaren hurrena diren gehienak. Ordainetan, barreak baino ez ditugu jasotzen. Bat-batean, haserre nintzela erdal munduaren ertzei begira, enteratu naiz Nafarroako Gobernuak hezkuntzan bertso klaseak emateko diru-laguntzak kendu dizkiola Bertsozale Elkarteari. Eta ohartu naiz berriz ere zapuzkeri bera dela, ulertu ezin duenaren ezinikusia. Akaso haiek ere pentsatuko zuten: “Zergatik lagundu behar dugu diruz País Vascoko bertsolaritza?”. “Ba al dago ba hemengorik?”. Eta lasai asko, ingelesezko udalekuak, txinerazko aero-yoga klaseak, eta frantsesezko hidro-zumba saioak diruz-laguntzen jarraituko du. Guztion diruarekin.