Fermin Erbiti: "Dirurik ez, dirurik ez..."

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 10a

Gustuko dut paperezko egunkariak behin baino gehiagotan irakurtzea. Goizean pare bat goitik behera, besteei gainbegiratua eta arratsaldean alderantziz: irakurritakoei gainbegiratua eta besteen irakurketa.

Berria bigarren taldekoa da. Atzo kafearen konpainia gozoan irakurtzen ari nintzela, bi artikuluk atentzioa eman zidaten. Bata, Garikoitz Goikoetxearen “Heriotzak hil ez zuena” izenburupekoa, Joxean Lizarribar Berria Taldeko lehendakaria hil zela urtea bete denean idatzia. Hasieratik harrapatu ninduen, eta ez bereziki edukiagatik, idazkeragatik baizik. Artikulu dotore, gustuz idatzirikoa, irakurtzearen plazera areagotzen duten horietakoa.

Eta bestea Edurne Elizondorena. “Dirurik ez euskararentzat” zuen izenburua. Eta Maximino Gomez Euskarabideko zuzendaria protagonista. Artikulua irakurri ahala, paperak jasotzen ez zuena irudikatzen hasi nintzen: kazetariengandik ihesi dabilen agintaria, elkarrizketak emateko erabakia ere menpeko baten esku uzten duena.

Gomezek dioenez, ez dago dirurik euskararentzat. Dirurik ez, dirurik ez. Eta kantuarekin zegituz: gogorik bai? Ez dut uste. Eta dirurik behar ez duten bidegabekeriak zuzentzeko gogo edo gaitasunik? Ezta hori ere. Bestela aspaldian konponduko ziren Euskalerria Irratiaren eta ETBren egoera, bi aipatzeagatik. Honi guztiari gehitu behar zaio kazetariekin hitz egiteko erabakia ere beste batek hartzen duela, Kulturako kabinete buruak, hain zuzen.

Eta dirurik ez dagoela dio. Agian, lanean hasteko, alferrik gastatzen ari garen hirurogei mila eurotik gorako soldata erabil genezake. Lizarribarrek zerbait asmatuko luke horrekin euskarari bultzadatxo bat emateko....

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!