“Kaixo, Iban dut izena eta nire buruaz beste egin nahi dut”. Esaldi patetiko horrekin hasi zen nire harremana Ilunsenti elkartearekin. Izen horren atzean ez zen ezkutatzen poesia irakurleen sozietaterik, ezta kongregazio erlijioso integristarik, ez eta tupperware saltzaile ibiltarien elkargorik ere. Ilunsenti izenaren atzean zera zegoen, suiziden elkarte bat. Suizida zalantzatien talde bat, zehatzago esanda. Bere buruaz beste egin nahi eta, beldurrak jota, ezin dutenen elkarte sekretua.
Dagoeneko asmatuko zenuten bezala, bileretara gindoazen zoropito guztiok argi genuen gure helburu bakarra mundu hau uztea zela. Suizidatzea. Eta gutako bakoitzak zakua bete arrazoi zuen horretarako. Nik neuk, adibidez, bazkalostean ematen dituzten telefilme merke horietako hamar betetzeko adina kalamitate neramatzan sorbalda gainean. Hiru urte lehenago, bost urteko alabatxoa hil zitzaigun auto istripu batean, eta handik pare bat hilabetera, nire ondasun guztiak kartoi-kaxatan sartuta zeuden. Hamarkada luze bat ezkonduta eman ostean, Sarak, nire Sarak, ez ninduen gehiago ikusi nahi. Eta jakina, alde egin behar zuena ni nintzen, hipotekaren zatirik handiena bere aitak ordaindu zuelako. Elkar gorrotatzen genuen, baina oso gorroto dotorea zen. Irribarre behartuen artean hazitako gorroto atsegina.
Ostegun gauak bilera gauak ziren. Klubaren egoitzan elkartzen ginen eta bakoitzak bere istorioa azaldu. Gero txalo egiten genuen eta batzu-batzuk baita negarrez hasi ere. Zeremonia polita zen. Baina unerik dibertigarriena amaierako omenaldia zen: mundu hau ohorez utzi zutenei gorazarre egiten zitzaien bilera amaitu aurretik. “Gaurkoan Karlos omendu nahi dugu, Ilunsenti elkarteko helburu nagusia bete duelako: bere burua hogeigarren solairutik bota du. Zorionak, Karlos”. Txalo zaparrada. Gero, ondoko tabernan zentzua galtzeraino mozkortzen ginen, egun horretan zendu zenaren omenez. Horren ziren dibertigarri klubeko bilerak ezen nire buruaz beste egiteko gogoak lausotzen zitzaizkidala noizean behin. Jakina, inoiz ez nien halakorik aitortu nire taldekideei. Gustua hartzen hasia nintzen suizida izateari... emaztea nire bizitzara itzuli zen arte.