Voltaire filosofo frantziarraren esaldiak ekarri dizkigu aste honetan Josetxo Azkonak Epiktotoren Kutxa izeneko saioan. Ilustrazioaren aita pontea, erligio eta superstizioaren aurkako borrokalari sutsua, arrazionaltasunaren defendatzailea... Hori eta gehiago bilduta gelditu zen bere izkribuetan.
* Badirudi hagitz handia dela gobernatzeak berekin dakarren gozamena. Izan ere, anitz dira gobernatzeko irrikitan dauden pertsonak.
* Hona hemen gizakiaren superstizioetako bat; alegia, birjintasuna bertute bat dela pentsatzea.
* Zibilizazioak ez zuen basakeria desegin, baizik eta hura bikaindu egin zuen, ankerrago eta barbaroagoa eginez.
* Ezjakintasunak irmoki baieztatu edo ezeztatu egiten du. Zientziak, aldiz, duda egiten du.
* Ergelkeria aparteko gaixotasuna da. Baina gaixoak ez du sufritzen harengatik, gainerako guztiek, bai ordea.
* Esperantza kristauen bertute bat da. Bertute horrek mundu honetako gauza miserableak arbuiatzen ditu, gerora -eta herrialde ezezagun batean- apezek gure diruaren ordainez prometatzen dizkiguten plazer-ezkutuak gozatuko ditugulakoan.
* Zuhurki bizi dena, goibelki bizi da
* Garaipenaren ondotik ordainak hartuz mendekatzen denak duintasun gabe irabazi du garaipena.
* Zoriontasunaren bila gabiltza, bai; baina ez dakigu hura nondik bilatu, mozkorti horiek euren etxea -hor nonbait dutela jakinda- bilatzen duten bezala.
* Benetako adorea sufritzen jakitean datza.
* Aberatsa izanen zara, baldin eta bakarrik zure desirak mugatzen ikasten badakizu.
* Norberarekiko maitasuna, gizakien ugalketa agintzen duen mekanismoa bezalaxe, premiazkoa da guztiz. Maitasunak gozamena dakargu, ugalketa mekanismoaren antzera, eta mekanismo hori bezala, maitasuna ere ezkutatu beharrean egoten gara.
* Halabeharrk ez du inongo zentzurik, zeren kausarik gabe ez baita deus existitzen.
* Ene Jainkoa! Libra nazak nire adiskideengandik! Nire etsaiak libratzeaz neu arduratzen bainaiz.
* Noizbait ikusten baduzu Suitzako bankari bat leihotik jauzi egiten, jauzi egin zuk ere haren gibeletik. Ziur egon, zer edo zer irabaziko duzula.
* Ergelkeria bat erran, eta ergelkeria hori behin eta berriz erratearen poderioz, azkenean, hura guretu eta itsu-itsuan onartzen dugu.
* Gobernua oker dabilenean, arriskutsua da arrazoi izatea.
* Guztiok ditugu ahuldadeak eta errakuntzak. Barka diezazkiogun elkarri geure txorakeriak: horixe da, eta ez bertzerik, Naturaren lehenbiziko legea.
* Bizi direnei errespetua zor diegu. Hildakoei, baina, egia baino ez diegu zor.
* Kalumniatu, kalumniatu, zeren eta, zeren eta, zertxobait geldituko baita nabarmen.
* Giza espirituaren gaixotasun ororen artean, menderatzeko pasioa da ikaragarriena.
* Zentzu komuna, ez da batere komun.
* Gizaki orok eskubide berberak dauzkate: libre izateko, garatzeko eta legeen babespean bizitzeko.
* Dibortzioa, ziurrenik, matrimonioaren garai bertsukoa da. Nik uste, halaz ere, matrimonioa dibortzioa baino lehenagoko dela, aste bakar batzuk baino lehenagokoa.
* Hau da Historiaren atal filosofikoaren zeregina, hots, gizakiek eginak dituzten ergelkeriak ezagutzera ematea.
* Gerrak badu zerbait miragarri, hauxe: hiltzaile-talde buruzagi bakoitzak bere banderak benedikatzen dituela eta laguntza eske deitzen diola Jainkoari, beste gizakien kontra oldartu eta haiek suntsitu baino lehen.
* Oker ulertzen den erlijioa sukar moduko bat da, eta hark erotzeraino eraman dezake sinesduna.
* Arrazoimenak erraten dit Jainkoa badela, baina arrazoiak erraten dit, halaber, ez dudala nehoiz jakinen nor-zer den Jainkoa.
* Gutariko bakoitzak dardaraz muin ematen du katez loturik gauzkan eskua.