Elixabete Garmendia: Polizia eta lehoia

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 8a

Lehoia eta polizia Espainiako Kongresuko atean zaindari. Polizia eskularru zuriz eta guzti jantzia dago, bakeoso itxuran, baina eskuineko aldaka parean sumatzen zaio pistola. Lehoia ezkerreko hatzaparra Lurra izan zitekeen globoaren gainean pausatuta, mende hartuta baleuka bezala. Izan ere, planeta osoa ez bada ere, Espainiako Kongresua ohitua dago lurraldeak mendean hartzen.

Gaur arratsaldean horren beste erakustaldi bat egingo du, entzungor, gotortasuna ez, gotorkeria erabiliz. Eta gaurko kronika izango da, sentipenetan, duela bederatzi urteko haren antzekoa, Ibarretxeri tematu zitzaizkion hartakoa. Saio hura gogoan, Masek ez joatea erabaki du, presidente bat zanpatzearen atsegina ez emateko Espainiaren batasuna zaintzen duten kantzerberoei.

Nolanahi ere, gaur ez Rajoyk, ez Rubalcabak, ezingo dute erakutsi atzo Alberto Contadorrek Ordiziako helmugara sartzean egin zuen bezalako garaipen keinurik.

A! Lehoiaren eta poliziaren argazkia Sergio Barrenetxeak egindakoa da. Esanda gera bedi, sinadura merezi duen horietakoa baita.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!