Nekane Perez: Urtebetetzeak ospatzeaz

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 7a

Betidanik urtebetetzeak ospatzea izan dut gustuko, behin baino gehiagotan egiten dut, familiakin, lagunekin, lanean…. Badakit urteko beste egun bat besterik ez dela baina urte berria bezala hartzen dut, erronka berriei aurre egiteko unea. Ametsak, planak egin … indarrak berritu, egindakoaz ikasi eta ospatu, ospatzeko arrazoiak nekez bada ere bilatzen saiatzen naiz.

Ez dut erranen denei gustatzen zaizkigula holako ospakizunak baina, aste honetan bertan, ardoa eta pastak ekarrita, baten batek Parlamentuan ere ospatu nahi izan duela argi gelditu zaigu. Amorrua eman dit, iraingarria suertatu zait. Hori baino gehiago behar dugu denok; zoritxarrez dugun panorama latza ez da moldatuko irribarre batekin, ardo eta pasta madarikatu horiek hartuta. Gehiago behar dugu irensteko beste urte bat, gehiago jakiteko zer eginen dugun euskaltegiekin, komunikabideekin, haur eskolekin…

Hezkuntza legegintzaldia litzatekeela erran zigun parlamentuan Barcinak bere lehenbiziko diskurtsoan, ez genekien orduan, hezkuntza publikoa desegiteaz ari zela, murrizketa bukaezinetaz, etengabeko erasoetaz… Ez du lortu eta ez du lortuko.

Urtebetzeetan, anitz urtez erran ohi dugu baina kasu honetan ezin dut halakorik bota, ez da pertsonala baina irenstezina egiten zait beste urte batez pairatu behar izatea. Ardoa eta pastak ekarri ditu… nik merengezko tartak nahiago ditut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!