Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa (audioa behean):
Don't worry, be happy
- Lourdes Goicoecheak adierazi du ez duela dimititzeko asmorik, Nafarroak defizit-helburua bete ez badu ere. Helburu hori erdiesteko zernahi egin ondoren –bertzeak bertze, BEZa berandu itzuli eta, ondorioz, hainbat enpresari kalte egin–, orain, antza, defizita ez da hain inportantea. Aragoin, antzeko egoera batean, Jose Luis Saz Ogasun kontseilariak dimisioa aurkeztu du, baina gure kontseilaria ez da horregatik kezkatzen.[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=d-diB65scQU[/youtube]
- Barcinak legealdi honetan deus berezirik gertatu ez dela erran ondoan, Nafarroako Gobernuak 150 milioi euro galdu ditu Iberdrolako akzioak salduz. Baina problema ez da bakarrik dirua galdu duela: problema da herritarren dirua espekulatzeko erabili duela. Baina gure lehendakaria ez da horregatik kezkatzen.
- Twitterren polizia gure askatasunaren azken bermetzat jo zuen politikariak poliziarengandik ihes egin zuen; zorionez, Francisco Marhuenda La Razón-eko zuzendariak azaldu digu [ikus batez ere 19. minutua] zer gertatu zen benetan. Espainia aldean –eta, horri dagokionez, Iruñea ere Espainia da– hainbat politikarik uste dute legearen gainetik daudela. Baina lasai, ez gaitezen horregatik kezkatu.
- Joan den astean, 15 gazte atxilotu zituen poliziak Iruñean, martxoaren 27ko manifestazioa dela-eta. Batzuk adingabeak ziren, eta gutienez bat Institutuko patioan atxilotu zuten kaleko jantzian zebiltzan bi poliziak, Institutuko zuzendaritza taldeari inolako informaziorik edo azalpenik eman gabe. Horri bahiketa deitzen zaio, baina naski Hezkuntza arduraduna –hari baitagokio gertatutakoa salatzea– lasai demonio dago.
- Apirilak 5 zituela, abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa izan zen Iruñean. Zenbait alor desarautzen diren bitartean –lan merkatua–, bertze batzuk etengabe ari dira gero eta zorrotzago arautzen –gorputzaren gaineko askatasunari dagokiona, hain zuzen ere–. Bietan, gure eskubideak murrizteko. Baina lasai, batzuek abortatu ahal izanen dute-eta.
Larunbateko manifestazioa (irudia: @ekinklik)
- Javier Moscoso ustezko sozialistari egin zioten elkarrizketa Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituen egunkarian. Bertzeak bertze, erran zuen Bilduri botoa ematea ez zela aldaketaren alde egitea, eta “kontuak ateraz gero”, hauteskundeen ondoren PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak- osaturiko gobernua izanen dugula. Esaldia egiteko, baldintza bat erabili du, ustezko sozialista on bati dagokion bezala. Liburu bat ere argitaratu omen du: Ser hoy de izquierdas. Nik uste nuen azpititulua izanen zela “todo lo que el PSOE no es”, baina, ez larritu, ez da hain zintzoa izan.
- Itziar Nogueras Donostia 2016ko zuzendari nagusiak dimisioa aurkeztu du, eta antza horren gibelean alderdien arteko lehia dago, ea nork aterako dituen Donostia kultura hiriburua izatearen etekin politikoak. Baina, trankil, gero elkarbizitzaren aldeko diskurtsoak eginen dizkigute agintari horiek.
- Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak erran du ezin zaiela katalanei espainola izateko eskubidea ukatu. Jendea etxetik kanporatzen ari diren honetan, jendeari lan egiteko eskubidea ukatzen zaion honetan, manifestatzeko eskubidea murriztu nahi duten honetan, eskubide berriak asmatzen dituzte, eskubide –antza– ukiezinak.
- Apirilaren 5ean, larunbatarekin, Inon ez, inoiz ez bere azken liburua aurkeztu zuen Iban Zalduak Donostiako alde zaharrean. Aurkezpen ederra izan zen, jende anitz bildu zuena, eta liburua ere ederra, irakurtzea eta berrirakurtzea merezi duena, nahiz eta ipuin batek baino gehiagok lasai ez egotera eta kezkatzea behartuko gaituen.
- Simon Santamaria udaltzain buruak egotzi zaizkion akusazioak ukatu ditu epailearen aitzinean. Udaltzain buruak horrelako akusazioei erantzun behar izatea nahiko larria eta berezia da inoiz deus berezirik gertatzen ez den komunitate honetan, baina, tira, Navarra Confidencial agerkari digitalean dena azaldu digute: Santamariak Espainiako hiririk seguruena dauka, baina ETAri ez zaio gustatzen. Ez da deus gertatzen. Izan gaitezen happy.[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=SDyJKCrpEXE[/youtube]